Kirola

NBAko neurketa bat bi emakumek arbitratu dute lehen aldiz

Bart, Natalie Sago eta Jenna Schroeder epaileak izan ziren Charlotte Hornets - Orlando Magic zuzentzeko arduradunak. Batak zein besteak dozenaka norgehiagoka arbitratu dituzte NBAn, baina batera egiten duten lehen aldia da.

Natalie Sago eta Jenna Schroeder, atzo, Sean Wright epailearekin batera, Charlotten (AEB). NBA
2021eko urtarrilaren 26a
09:43
Entzun

Emakumezko epaileen aldeko urratsak egiten jarraitzen du NBAk, eta, atzo, lehen aldiz, bi emakumek elkarrekin arbitratu zuten norgehiagoka bat. Charlotte Hornets eta Orlando Magic izan ziren aurrez aurre (108-117 irabazi zuten Orlandokoek), eta Natalie Sagok eta Jenna Schroederrek zuzendu zuten neurketa. Dagoeneko munduko saskibaloi liga handienean esperientzia duten epaileak dira biak: Sagok NBAko 64 lehia zuzendu ditu, eta Schroederrek 28.

Lehenago ere batera lan egin izan dute bi epaileek, G Leaguean, NBAren behe mailan, baina liga nagusian ez zituzten sekula elkartu, atzo arte.

Neurketa hasi aurretik hedabideekin hitz egin zuten bi epaileek. Schroeder pozik agertu zen, eta neurkta hori arbitratzea bere «amets feministak» betetzea bezalakoa zela adierazi: «Nire balio pertsonalak eta profesionalak uztartzearen modukoa da».

Ildo beretik jo zuen Sagok: «Zoriontsu egiten gaitu batera lan egiteak. Emakume talde zabala gaude epaileen artean: guztiok gara oso gertukoak, harreman bikaina dugu elkarren artean, eta zoragarria da halako uneak elkarrekin bizi ahal izatea». Hortaz gain, NBAren aldeko hitzak ere izan zituen: «Erakunde honen parte izateaz harro nago, ditugun gaitasunak hartzen dituztelako aintzat, eta ez gure generoa edo arraza».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.