Musika

'Elkano battela, xumea baina gurea' ikuskizuna estreinatuko dute martxoan

Koldo Ameztoi kontalariak, Nerea Alberdi konpositoreak eta Kepa Elgoibar musikariak sortu dute, Juan Sebastian Elkanoren bidaiak inspiratuta. Elkano fundazioaren eta Euskal Kultur Erakundearen arteko lankidetza hitzarmen baten emaitza da lana.

Pantxoa Etxegoin, Koldo Amestoi, Nerea Alberdi eta Rafa Zulaika. ELKANO FUNDAZIOA
mikel lizarralde
2021eko urtarrilaren 27a
14:45
Entzun

Juan Sebastian Elkanok munduari bira eman ziola bost mende bete direla-eta azken bi urteetan antolatutako ekitaldiei beste bat gehituko zaie aurki: Elkano battela, xumea baina gurea. Koldo Ameztoi kontalariak eta Nerea Alberdi biolinista eta konpositoreak ondu dute, eta, haiekin batera, Kepa Elgoibar musikaria ariko da oholtza gainean. Elkano fundazioak eta Euskal Kultur Erakundeak joan den udaberrian sinatutako lankidetza itun baten emaitza da lana, eta martxoan estreinatu nahiko lukete, Getarian (Gipuzkoa); Elkanoren jaioterrian, hain zuzen ere. Nolanahi ere, Rafa Zulaika Elkano fundazioko proiektu koordinatzaileak gaur Donostian egindako aurkezpenean adierazi duenez, COVID-19aren hedapenaren eta horri aurre egiteko hartuko diren neurrien mende egongo da. Apirilean, berriz, Lapurdin, «ziur aski Donibane Lohizunen», eman nahiko lukete ikuskizuna.

Proiektuaren abiapuntua Elkano fundazioak eta EKEk Ameztoiri egindako proposamen bat izan zen, eta ipuin kontalariak gogoz heldu zion erronkari. «Guk eskolan ikasi genuen, eta beti entzun izan genuen Magallaes izan zela munduari lehen mundu bira eman ziona. Baina gero jakin genuen Elkano ere hor zegoela». Bidaia hori oinarri hartuta, Elkano igaro zen lekuetako eta herrietako istorioak eta kondairak berreskuratu ditu Ameztoik, kontakizun propio bat sortzeko. «Bidaia hartan Elkanok ez zuen denborarik izan jendearekin biltzeko, eta nik hor arakatu dut». Istorio horiei tiraka, berea sortu du Ameztoik: Lutxi neska gaztea lemazain dela eta kaio bat gidari duela, batel bat itsasoratuko da, eta ozeanoak zeharkatuz, itsasalde berri batetik uharte ezezagun batera abiatuko da, iparrorratz bakar larruzko pilota zahar bat duela. Proiektuaren egile nahiz eragileek jakinarazi dutenez, helduei zuzendutako ikuskizuna izango da Elkano battela, xumea baina gurea.

Proposamena jasota, Ameztoik garbi izan zuen, hitzarekin batera, ikuskizuneko beste ardatza musikak izan behar zuela, eta hor egin zuen topo Nerea Alberdi konpositorearekin (Bilbo, 1985). Alberdi, musikagilea ez ezik, biolinista, orkestratzailea eta moldatzailea ere bada, eta, batik bat, telebistarako eta zinemarako egin du lan orain arte (Go!azen, La boda de Rosa, Margolan bat oparitzen didazu?), nahiz eta arte eszenikoen alorrean ere egin dituen sartu-irtenak (El mago en la botella, Gorpuztu). Oraingoan, ordea, testu huts baten gainean lan egin behar izan du, eta, horretarako, Elkano igaro zen lurraldeetako musiketan arakatu behar izan du. «Koldok berreskuratu ditu ohiturak eta bitxikeriak bere testuan, eta oso oroitarazlea da. Ondorioz, nik ere leku horietako doinuetan oinarritu dut musika».

Hasieran, Ameztoi eta Alberdi bera ziren oholtza gainean aritzekoak, bata hitzarekin eta bestea biolinarekin, eta aurrez grabatutako musikak ere erabili behar zituzten. Azkenean, ordea, Kepa Elgoibar musikaria batu zaie, eta bi musikarien artean joko dituzte hainbat tresna —eskusoinua, gitarra eta perkusioa Elgoibarrek, eta biolina, xilofonoa eta melodika Alberdik—, eta kantatu ere biek kantatuko dute. «Bion artean joko dugunez musika, emaitza askoz organikoagoa izango da».

Elkanoren mundu biraren bosgarren mendeurrenaren harira, ekitaldi ugari egiten ari dira Euskal Herrian, baina baita Espainian ere, eta, alderaketa eginez, Juan Sebastian Elkano ontzi eskola erraldoiarekin alderatuta, eurek oholtzara eramango duten batela «xumea» izango dela adierazi du Ameztoik. «Berpiztu egingo dugu Elkanoren batela, ontzi txiki bat. Berpiztuko dugu haren izana eta izena». 

Osasun egoera dela eta, sortzaileek elkartu ezinik garatu behar izan dute, orain arte, lanaren zati handi bat, harremanetan baina bakoitza bere etxetik, eta oraindik orain hasi dira elkarrekin entseatzen, martxoan Getarian estreinatzeko gogoz.

Elkano Fundazioa eta EKE egitasmoaren sorreran egon badira ere, lehenengo bi saioen ondoren, ikuskizunak bere bidea hartuko du bi erakundeetatik aparte.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.