Musika

Euskadiko Orkestrak programa "birdiseinatuta" eutsiko dio denboraldiari

Musikarien artean tartea gorde beharra eta aretoen gehienezko edukiera tarteko, kontzertuak bikoiztu eta errepertorioa moldatu du orkestrak, ahalik eta zale gehienengana iristeko. Denboraldiaren lehen erdialdean, abonatuen %20 inguru galdu ditu.

Mikel Urkiza, Robert Treviño, Oriol Roch eta Ruth Reinardt, gaur goizean, Euskadiko Orkestraren egoitzan, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
itziar ugarte irizar
2021eko urtarrilaren 27a
16:44
Entzun

Euskadiko Orkestrak ekainaren lehen egunetan iragarri zuen denboraldia berria, ziurgabetasunak ziurgabetasun, euren jardunari eutsi behar zion konbentzimendu osoz. Ez da askorik baretu giroa, eta orkestrako kideek mantendu egin dute konbentzimendua. Neurri berriengatik, baina, “birdiseinatu” egin behar izan dute orduan aurreratu zuten programazioa: ordutegiak, egutegia, eta baita egitarau sinfonikoa ere. Emanaldiak bikoiztuko dituzte, obrak aldatu, eta denboraldiro eman ohi dituzten 50 kontzertuen ordez, ehun eskainiko ditu aurten orkestrak; modu horretan, "abonatu guztiekin konplitzeko", Oriol Roch zuzendari nagusiaren hitzetan. Aitortu du “muturrera eraman” dutela lanerako gaitasuna, eta euren jardunarekiko konbentzimendua berretsi: “Musikarien artean borondate osoa dago bizitzarako substantziala dela uste dugun hori defendatzeko; gure bizimoldeari eusteko borondatea dugu, zeina musika sinfonikoak ere osatzen duen”.

Bi neurrik eragin dute, batez ere, orkestraren ekainera arteko denboraldia birformulatzea: batetik, musikarien artean ere tartea gorde beharrak —"errepertorioko zenbait obra corpus sinfoniko handikoak ziren; hori ohikoa da Euskadiko Orkestran”, azaldu du Rochek—, eta, bestetik, aretoetako edukiera mugak: gehienez 400 lagun sartu ahal dira. Kopuru txikia da, orkestrak bildu ohi duen publikoarekin alderatuz. Horregatik, zenbait kasutan, programa bakoitzean bost kontzertu eman beharrean hamabi ematea erabaki dute.

Denera, bederatzi izango dira ekainera arteko programak. Hasieratik iragarritako zenbait ildo beren horretan mantendu ahal izan dituzte, eta eutsiko diote, esaterako, hiru emakumezko zuzendariren debutari —Ruth Reinhard, Gemma New eta Anja Bihlmaer—, Mikel Urkizaren Mis monstruos marinos obrari, eta Vadim Gluzman biolin jotzaile eta Nikolai Lugansky pianista bakarlariaren parte hartzeei.

Moldaketa eta berrikuntzen artean, berriz, “konposizio organikoagoko edo iraupen txikiagoko” beste batzuk hautatu dituzte bazter utzitako obren partez. Aldaketarik handiena Mahlerri eskainitako programan egin dute: haren 7. sinfonia, Gaueko abestia jo behar zuen orkestrak, baina Brucknerren 5. eta. 6. sinfoniek ordezkatuko dute orain. Horretaz gainera, Augustin Hadelich biolin jotzailea, Judith Jauregi pianista eta Semyon Bychkov zuzendaria batuko dira denboraldira.

Saio gehiago eta laburragoak

Birmoldatze lanak bete-betean harrapatu duen kideetako bat izan da Ruth Reinhard alemaniarra. Orkestraren Miramongo egoitzan da egunotan, musikariekin lanean, Donostian, eta prentsa agerraldian izan da gaur goizean, entsegura itzuli aurretik. Aldaketa girora moldatzeko “eskuzabaltasuna” eskertu dio Rochek: “‘Kontatu nirekin, caché-a berbera da’, esan zidan”. Sibeliusen, Dvoraken, Urkizaren, Brahmsen eta Smetanaren obra bana hartuko duen Bizirik programa gidatuko du, horien konbinazio ezberdinak zuzenduko ditu emanaldi bakoitzean —gauza bera gertatuko da beste programetan ere—. Lehen biak ostiralean izango dira, Donostian, eta Bilbora, Gasteizera eta Iruñera egingo dute handik.

Urkiza ere ari da Reinhardekin lanean azken asteetan, Elkanoren mundu biran oinarritutako Mis monstruos marinos obra lantzen. Konpositoreak kontatu du garapen teknologikoen ondorioz “mapen irudimenezko lurraldea” desagertuz joan zela, eta galdutako ametsen eta fantasiazko izakien munduan oinarrituta sortu du bere pieza, hiru mugimendutan deklinatuta.

Robert Treviño Euskadiko Orkestraren zuzendari titularrak osatu du agerraldiko laukotea, eta, Rochen ildotik, musika erakundeak gizarteari egiten dion ekarpena nabarmendu du, irmo: “Osasun espiritualaz eta komunitate zentzuaren osasunaz arduratzea ere badagokigu; muturreraino eraman dugu orkestra garai honi erantzuteko eta esperientzia partekatua bultzatzeko”. Gogoan izan ditu, halaber, abonatuez gain, gizartearen ahalik eta eremu zabalenera iritsi asmoz azkenaldian hartutako beste erabaki batzuk: orkestraren kontzertuak EITBren bidez zabaltzea, kasurako.

Abonatuen beherakada

Hurrengo denboraldiari begira, eta xehetasunetan sartu gabe, Rochek aurreratu du “estrategia” bat pentsatzen hasiak direla, “berreskurapenerako” denboraldi bat izan nahi luketeelako. Izan ere, galera aipagarriak izan ditu orkestrak azken hilabeteetan: abonatuen %20 galdu ditu, eta aurreikusitakoa baino 150.000 euro gutxiago bildu. Eragina izan dute bertan behera geratutako zenbait lankidetzek ere: ABAOrekin lotutako bi operak ezeztatzeak, besteak beste.

Rochek azaldu du bbonatuen beherakada, batez ere, unean uneko arau aldaketek eragin dutela: “Ez da gure proiektu artistikoarekiko nahigabeagatik izan”. Nabarmendu du inoiz egin gabeko lana egin dutela haiekin etengabe harremanetan izateko, eta hala egingo dutela datozen hiletan ere —programa bakoitza baino egun gutxi lehenago komunikatuko dira zuzenean eurekin—. Sarrera solteak ere kontzertuaren bezperetan jarriko dira salgai, unean uneko murrizketen menpe izango baitira.

Egutegiaren eta programa bakoitzaren gaineko informazio osoa orkestraren webgunean kontsultatu daiteke jada.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.