Futbola

Kopako finala, apirilaren 3an, larunbatez

Realaren eta Athleticen arteko finala noiz izango den jakinarazi du Espainiako Futbol Federazioak. Zail ikusten da, ordea, harmailetan zaleak egotea. Horren inguruko azken erabakia finala jokatu baino hilabete lehenago hartuko da.

ainara arratibel gascon
2021eko urtarrilaren 28a
21:27
Entzun

Espainiako Futbol Federazioak ofizial egin du: Athleticen eta Realaren arteko Kopako finala apirilaren 3an jokatuko da, espero baino egun bat lehenago, Sevillako Cartujan. Zail dirudiena, hala ere, zaleak egotea da. Federazioak oharrean dioenez, finala baino hilabete lehenago Espainiako Futbol Federazioa, bi klubak eta Espainiako Kirol eta Kultura Ministerioak bilera egingo dute, COVID-19aren egoera zein den aztertu eta azken erabaki bat hartzeko. Betiere, Osasun Ministerioaren irizpideak kontuan hartuta.

Berez, finala iaz jokatzekoa zuten, apirilaren 16an. Euskal futbolaren festa izatekoa zen. Eta zale ugarik askoz ere lehenagotik erreserbatuak zituzten Sevillan hotelak eta ostatuak, festa hori bizi izateko. Baina pandemiak zapuztu zuen azkenean. Bi klubak harremanetan egon ziren Federazioarekin, eta hark mahai gainean jarri zien ateak itxita jokatzeko aukera. Baina bi klubetako presidenteek argi zuten, nahiago zutela zaleekin izatea, eta, hori dela eta, atzeratzea adostu zuten.

Federazioak ontzat eman zuen proposamena, eta baldintza bakarra jarri zuen: aurtengo finala jokatu baino lehenago izatea, eta, azkenean, gaur egin du ofizial data. Bi taldeak txapelketa ikusgarria jokatuta iritsi ziren finalera. Final-laurdenetan Athleticek Bartzelona utzi zuen kanpoan, Williamsek sartutako gol baten bidez, San Mamesen, eta Realak Real Madril, Bernabeun. Imanolen taldeak 3-4 irabazi zuen; Odegaardek, Isakek, Merinok eta Gorosabelek sartu zituzten golak.  Finalerdietan zuri-gorriek Granada azpiratu zuten, eta txuri-urdinek Mirandes. Laugarren aldia izango da bi euskal talde nor baino nor gehiago ari direla Espainiako Kopako batean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.