Oier Gorosabel

«Lehenengo estimulua kobetan sartzea izaten da»

Gernika-Lumoko (Bizkaia) Ades espeleologia elkarteak orain arte ezezaguna zen kobazulo bat topatu du Amoroto inguruan. Jakinarazi dute bertan aztarna paleontologikoak eta arkeologikoak aurkitu dituztela.

Oier Gorosabel. ,
Peru Azpillaga Diez.
2021eko urtarrilaren 31
08:10
Entzun

Beste hainbat kide bezala, gaztetan, «lurpeko munduak erakarrita» ekin zion Oier Gorosabelek (Eibar, Gipuzkoa, 1972) koben eta haitzuloen mundu sakonean murgiltzeari. Geroztik, Ades elkartean, Gernika-Lumo (Bizkaia) inguruetako kobazuloak ikertzen igarotzen du bere denbora librea. Izan ere, azpimarratu duenez, espeleologia ez da jarduera profesional bat: «Espezialistak gara, bai, baina gehiengoak ez gara honetaz bizi, eta horrek askatasuna ematen digu».

Aztarnategi bat topatu duzue Amoroton. Nolako aurkikuntza izan da?

Atxurra baserriaren inguruan aztarnategi baten aurkikuntzan parte hartu genuen duela urte batzuk, labar artearekin. Oraingoan, inguru horretan genbiltzan, beste koba baten bila, eta, hori topatu beharrean, ezezaguna zen honekin egin genuen topo.

Zer aurkitu duzue barruan?

Koba bat topatzen dugun bakoitzean, prozedura berari jarraitzen diogu. Lehenengo, esploratu egiten dugu; ondoren, mapa topografiko bat osatu; eta, gero, datuen bilketa egiten da: lurren prospekzioa, azterketa geologikoak, aztarna biologikoen bilketa… Berdin du zerbait dagoen edo ez: prozedura beti da bera. Asteburuero egiten dugu lan hori.

Kasu honetan, ordea, aztarna paleontologikoak eta arkeologikoak topatu dituzue.

Hala da; batzuetan agertzen dira halakoak, eta orduan salto egiten dute komunikabideetara. Lurpeko ondarea askotarikoa da: kulturala, geologikoa, hidrologikoa… Arloaren arabera, erakunde batzuek edo besteek dituzte eskumenak, eta haiekin jarri behar izaten dugu harremanetan. Kasu honetan, Bilbon dagoen Bizkaiko Arkeologia Museoak duen bulego batek kudeatzen ditu. Hala ere, kontu handiz ibili behar da. Prozedurak ezagutu eta behar bezala bete behar dira, aztarnak behar bezala jasotzeko. Bestela espolio bat egin dezakezulako. Espeleologian ibiltzen garen espezialistok oso ondo ezagutzen ditugu protokoloak, eta asko zaintzen ditugu.

Hala ere, zuen jarduna ez da profesionala…

Karstaren zientziak batera lantzen dituen profesionalik ez dago. Horrek askatasuna ematen digu espeleologia elkarteoi. Boluntarioak gara; ez gaude inoren menpe, eta gure nahien eta interesen arabera egiten dugu lan. Baina profesionaltasunik ez izateak arazoak ere ekarri dizkigu; batez ere, administrazioarekin.

Adibidez?

Armintxeko leizean [Lekeitio], esaterako, labar artea topatu genuen, 2016an. Sekulako aurkikuntza izan zen. Kontua da kobazuloan arazo hidrologiko bat dagoela eta pinturak degradatzen ari direla. Ondo zaintzen ez badira, desagertu egingo dira. Horregatik, txosten tekniko batzuk osatu genituen artelanak kontserbatzeko. Hala ere, diputazioak ez ditu kontuan hartu nahi izan. Gutxietsi egin dituzte, profesionalak ez garela argudiatuz; arazoa da ez dagoela espeleologo profesionalik. Hankasartze itzela egiten ari dira. Lan tekniko edo azterketa bat egiten duzunean, garrantzitsuena ez da profesionala izatea edo ez, espezialista izatea baizik. Ikerketa batean parte hartzen duten pertsonen prestakuntza eta gaitasuna hartu behar dira kontuan. Halakoak gertatzen dira, eta ez soilik Bizkaian: administrazioen akats larriak dira.

Zerbaiten bila ibili, eta beste zerbait topatu duzue. Askotan gertatzen zaizue hori?

Sarritan. Gure urte osoko lana katalogazio lan batean oinarrituta dago. 1978tik lanean ari da gure taldea, baina aurretik ere izan dira beste espeleologia talde batzuk. Gure lana planifikatzeko orduan, oso zati garrantzitsu bat aurrekoek egindako lanak berrikustea izaten da. Egungo teknologiak ez du lehengoarekin zerikusirik; orain dela 50 urte aztertutako kobazulo bat egungo baliabideekin aztertuz gero, gauza berriak topatzeko aukera asko ematen ditu horrek. Beraz, orain arte egindako lanen katalogo bat dugu, eta bertako kobak banan-banan aztertzen ibiltzen gara.

Eta, halako batean, berriak ere topatzen dituzue.

Hala da. Pentsa orain dela 50 urte ez zegoela GPSrik eta antzekorik. Beraz, askotan, idatzizko deskribapen bat baino ez dugu. Oso itxita dauden eremuak izan daitezke, eta zaila da koba berriz topatzea. Adibidez, Gabonetan Airoko leizea lokalizatu genuen. 40 urte generaman leize horren bila. Bagenekien izan badela, bila eta bila ibili gara, Aulesti eta Nabarniz artean, Iruntzar mendiaren inguruan, baina 40 urte behar izan ditugu topatzeko. Halakoetan, sarritan, espero ez duzun kobekin ere egiten duzu topo.

Kobak topatu eta ikertzeaz gain, zer gehiago da espeleologoek egiten duzuen lana?

Askotan, arkeologoenarekin nahasten dute gure lana, edo espeleo-turismo eta halako abentura ekintzekin. Espeleologia jarduera zientifiko bat da: kobazuloak ikertzen dituen logia edo zientzia zientifikoa. Normalean, aztarna arkeologikoren bat agertzen denean edota istripuren bat dagoenean oroitzen dira gutaz, baina gure lana askoz ere zabalagoa da. Guk karstaren zientziekin egiten dugu lan, eta horren barruan hogei diziplinatik gora daude.

Horrek zer ondorio dakar?

Talde bakoitzak bere errealitatea du. Gehiengoak beste lanbide batzuk dituzten boluntarioz osatuta daude. Asko oso gaztetan hasten gara afizio honetan, eta horrek ikasketak honetara bideratzeko aukera ematen digu: biologia, geologia eta halakoetan sakontzera. Espeleologoa izateaz gain, garrantzitsua da taldeetan karsten zientzien inguruan adituak diren kideak izatea. Hala ere, talde gehienok ez ditugu espezialitate guztietako kideak. Baina horrek badu alde positibo bat, espeleologia taldeen arteko hartu-emana eta elkarlana bultzatzen baititu.

Zer du erakargarria izateko?

Espeleologian hasten diren pertsonak oso gazteak izaten dira, prestakuntza handirik gabeak, eta lehenengo estimulua kobetan sartzea izaten da: ezezagunarekiko erakarpen hori. Behin ezkutuan zegoena deskubritzen edota inor ibili ez den lekuetatik sartzen hasten zarenean, oso kitzikagarria dela ikusten duzu; horrek adrenalina ziztada bat ematen dizu, eta hori izaten da gure lehenbiziko motibazioa.

Nolakoak dira Bizkaiko kobak?

Kantabriakoen aldean, adibidez, laburrak dira. Han 200 kilometroko lurpeko sistema itzelak daude; hemen, luzeena 60 kilometrokoa da: Atxuriaga. Galdames inguruan dago. Hori da Itxinarekin batera garapen gehien duen ingurua. Arkeologikoki ez daude ondo aztertuta. Kantabrian, aztarnategi arkeologikoak barra-barra topatu dira; hemen, ez. Baina ez da gutxiago dagoelako, baizik eta ez daudelako ondo begiratuta. Espeleologo gutxi gara, eta boluntarioak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.