Istiluak Ertzaintzarekin Barakaldoko ITP Aero Castingsen

Hegazkingintza enpresa horretan 87 langile kaleratu dituzte gaur, eta beharginak protesta egin dute. Ertzaintza oldartu egin zaie, ordea, eta hainbat lagun zauritu dira; tartean, sudurra hautsi diote CCOO sindikatuko ordezkari bati.  

Irune Lasa-Aitor Biain
2021eko otsailaren 1a
11:43
Entzun

Egun garratza dute gaur ITP Aero Castingsen (garai bateko PCB). Iritsi da 83 langile kalean utziko dituzten eguna, enplegu erregulazio baten ondorioz. Hegazkingintza krisi betean dagoela, Sestako eta Barakaldoko fabriken jabeak, Rolls Roycek, salgai jarri du enpresa, eta langileak gutxitzea erabaki du.

Egoera salatzeko, langileek harresia egin dute gaur goizean Barakaldoko lantegiaren atarian, eta istiluak piztu dira haien eta Ertzaintzaren artean. Langile batzordeak gogor gaitzetsi du Poliziaren jarrera, eta adierazi du dozena bat lagun zauritu direla. Tartean, esaterako, sudurra hautsi diote CCOO sindikatuko Euskadiko industria arloko arduradunari, Javi Gomezi. Sindikatuak Ertzaintzaren jarrera «bortitza» salatu du ohar bidez, eta adierazi du azalpenak eskatuko dizkiola Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuari. Auzitara joko du gertatutakoa salatzeko, gainera.

Segurtasun sailak iragarri du, hain zuzen, Ertzaintzak barne ikerketa bat jarri duela martxan gertatutakoa ikertzeko.

Hasieran, 136 behargin kaleratzea zuen asmoa ITP Aero Castingesko zuzendaritzak, baina langile batzordeak ez zuen onartu. Azkenean, enplegu erregulazioaren negoziazioan akordiorik lortu gabe etorri dira kaleratzeak: 83 guztira. Beste zazpi langileren kasuak ere mahai gainean ditu zuzendaritzak, eta, horiek kaleratu edo ez erabakitzeko, martxoaren 31 arteko epea dauka, batzordeak jakinarazi duenez.

Egora ikusita, batzordeak bilera bat eskatu dio zuzendaritzari, asteazkenerako, gatazkaren konponbidea «negoziazioa» dela argudiatuta: «Elkarrizketan sinesten dugu», adierazi dute. «Konfrontazioa saihestu behar dugu, eta lanpostuak eta enpresaren etorkizuna bermatuko dituzten topaguneak prestatu».

Langileen ordezkariek auzitara eraman dute lan erregulazioa, eta hainbat mobilizazio egin dituzte azken asteetan, grebak barne. Eusko Jaurlaritzaren bitartekaritza ere eskatu zuten, baina ostiralean egitekoa zuten bilkura bertan behera utzi zuen Ekonomiaren Garapeneko sailak, lantegien sarreretan piketeek egindako «ekintza biolentoengatik eta mehatxuengatik». Batzordeak «erantzukizun falta» egotzi dio Arantxa Tapia sailburuari, bada.

Aernnovan ere, 82 kaleratze
Aernnovak ere gaur gauzatu ditu Berantivillako lantegian (Araba) iragarritako kaleratzeak: Guztira 82 behargin dira: 55 kaleratze, hamalau erretiro aurreratu eta hamahiru borondatezko. Langileek protesta egin dute goizean, Gasteizen. Kaleratzeen abisuak erre dituzte bertan, eta salatu dute bestelako bideak bazeudela: «Argi eta garbi geratu da enpresak ez duela kontuan hartu batzordeak aurkeztutako alternatiba ez-traumatiko bakar bat ere. Haren ideia bakarra 55 pertsona modu indiskriminatuan kaleratzea baitzen». 450 langile inguru ari dira egun Berantevillako plantan.

Kaleratu dituzten beharginek eskerrak eman dizkiote egun hauetan babesa adierazi dieten herritar eta lankideei, eta borrokan jarraituko dutela gehitu dute.

Urtarrilean bederatzi greba egun egin zituzten, eta, tartean, sei eguneko itxialdia ere egin zuten Los Angeles elizan, kaleratzeen aurka protesta egiteko eta eragile politiko, sozial eta sindikalekin biltzeko. Iragan larunbatean protesta bateratua egin zuten Gasteizen, beste sektore batzuetako langileekin batera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.