Errusia

Navalni espetxeratzeko eskatu du fiskaltzak

Baldintzapeko askatasuna urratu duela uste du fiskalak, eta 2014an ezarri zioten hiru urte eta erdiko espetxe zigorra bete dezan eskatu du. Bihar epaituko dute oposizioburua.

Poliziak eta manifestariak, atzo eginiko mobilizazioetako batean, Moskun. YURI KOCHETKOV / EFE
2021eko otsailaren 1a
11:58
Entzun

Alexei Navalni 2014an zigortu zuten, eta hiru urte eta erdiko espetxealdia ezarri zioten, iruzur egitea leporatuta, baina zigorra indargabe utzi zuten. Orain, indargabetze hura bertan behera uztearen alde agertu da Errusiako Fiskaltza, Navalnik erakutsitako «portaera bidegabea» argudiatuta. Bihar, asteartean, egingo dute oposizioburuaren egoera aztertzeko epaiketa, Moskun. Ebazpenak Navalniren etorkizun politikoa baldintzatuko du, irailean dira-eta egitekoak Errusiako Parlamenturako hauteskundeak.

Alemanian zen bitartean, baldintzapeko askatasuna urratzeaz akusatu du fiskalak. Navalni herrialde hartako ospitale batean artatu zuten iaz, pozoitua izan ostean; haren esanetan, Errusiako presidente Vladimir Putinen aginduz. Errusiara itzultzean, urtarrilaren 17an, atxilotu egin zuten, eta prebentiboki espetxeratu.

Navalniren atxiloketak protestak eragin ditu herrialdean. Haren askatasuna eskatzeko atzo eginiko manifestazioetan, liskarrak egon ziren manifestarien eta polizien artean, eta 5.000 lagun inguru atxilotu dituzte, OVD-info webgunearen arabera. Atxilotutakoen artean dago Navalniren emazte Yulia Navanaya ere, TASS albiste agentziaren esanetan; beste hainbat manifestarirekin batera, Navalni preso dagoen espetxera gerturatzen ari zenean atxilotu zuten. Ez da, ordea, Navalnaya atxilotzen duten lehen aldia: urtarrilaren 23an ere atzeman zuten, beste protesta batean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.