Lan osasuna

Kale garbitzaile bat hil da Gasteizen, bihotzekoak jota

Azken egunotan hiru langile hil dira bihotzeko arazoengatik.

Iker Aranburu.
2021eko otsailaren 1a
13:06
Entzun

FCC enpresako kale garbiketako langile bat hil da gaur goizean Gasteizen, lanean ari zela bihotzekoak jota.

Azken lau egunetan horrela hiltzen den hirugarren langilea da FCCkoa. Ostiralean, Bilbon, SADER enpresako 57 urteko langile bat zendu zen, eta larunbatean, Derion (Bizkaia), 52 urteko langile bat hil zen, Bizkaiko Foru Aldundiko Errekalde zentroan.

LABen zenbaketa baten arabera, urtea hasi denetik bost langile hil dira lanean ari zirela. Horri Joaquin Beltran gehitu behar zaio, duela urtebetetik Zaldibarko zabortegian desagertuta dagoen langilea.

LAB sindikatuak elkartasuna eta babesa adierazi die gaur Gasteizen hildako langilearen senideei eta lankideei. Gainera, gogorarazi du heriotza ez traumatikoak bilakatu direla laneko heriotzen lehen arrazoia. Haren ustez, ez da kasualitatea: «Larritzekoa da istripu hilgarri ez traumatikoen gorakada. Istripu guztien atzean lan eta bizi baldintza kaxkarrak daude. Argi daukagu lan istripuak, traumatiko zein ez traumatikoak, ez direla zoriak edo kasualitateak sortuak. Ematen diren lan harremanen, prekarizazioaren, lan arautegiaren eta azpikontratazioaren emaitza dira«.

ELAk ere bat egin du heriotza prekaritatearekin, eta oroitarazi du hildako langileak Gasteizko Udalarentzat lan egiten zuela, azpikontratatutako enpresa baten bitartez, eta kasu horietan «prekarizazio egoerak are larriagoak» direla.  Egoeraren larritasuna ikusirik, «prebentzio legediaren bete gabetzeen kontrol eta jarraipen neurriak berehalakoan ezartzeko» eskatu dio ELAk Eusko Jaurlaritzari.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.