Italia

Mattarellak Draghiren esku utzi du gobernua eratzea

Draghik baiezkoa eman dio presidentearen eskaerari. Europako Banku Zentraleko presidente ohiak parlamentuaren babesa beharko du.

Mario Draghi, atzo, bere etxetik irteten. FABIO FRUSTACI / EFE
Iosu Alberdi.
2021eko otsailaren 3a
11:23
Entzun

Azken egunetako ezegonkortasuna amaiarazteko asmoz, Italiako presidente Sergio Mattarellak Mario Draghi EBZ Europako Banku Zentraleko presidente ohiaren esku utzi du gobernua eratzea. Gaur eguerdian bildu dira biak, eta Draghik onartu egin du eskaera: «Une zaila da. Osasun krisi lazgarria eta hark herritarren bizitzan, ekonomian eta gizartean izandako eraginak gogoratu ditu presidenteak. Larrialdiak maila bereko konponbideak behar ditu». Mattarellaren asmoa pandemiari aurre egingo dion gobernu teknokrata bat osatzea da, eta, orain arte indarrean egon diren alderdien adostasunik eza dela medio, Draghik hartuko du betebehar hori.

Behin agindua jasota, Draghik alderdi politikoekin biltzeari ekin beharko dio, zenbaterainoko babesa duen argitzeko. «Batasuna eta elkarrizketarako gogoa» eskatu dizkie, egoerari «erantzun arduratsu bat» emateko. Beharrezko babesa lortuz gero, Mattarellarekin bildu beharko da berriz, karguaren zina egiteko, eta, ondoren, gainerako gobernukideak izendatu. Azkenik, alderdiek babesa berretsi beharko diote, Diputatuen Kogresuan eta Senatuan.

Bide horretan, Draghik Italia Bizirik alderdiko buru Matteo Renziren babesa, behintzat, izango duela dirudi: «Mattarella presidentearen hitz zentzudunak entzun ditugu. Beste behin, haren lidergoa onartzen dugu, eta horren arabera ekingo». Renzirena ez da erabakiaren alde hitz egin duen alderdi bakarra, koalizio gobernuaren parte izan direnen artean. Alderdi Demokratako idazkari nagusi Nicola Zingarettik ere azaldu du Mattarelaren erabakiak «krisi ulertezin batek sortutako hutsunea» betetzen duela. Horiei Silvio Berlusconiren Forza Italiaren botoak gehituko zaizkie ziurrenik, gobernuburu ohia batasun gobernu bat babesteko prest agertu baita, eta, gainera, harreman ona du Draghirekin.

Ez da iritzi berekoa M5S Bost Izarren Mugimendua, parlamentari gehien duen alderdia. Vito Crimik azaldu du ezezkoa emango diotela Draghik gidatutako gobernu bati. Hala iritzi diote eskuin muturreko alderdiek ere. Italiako Anaiak alderdiko buru Giorgia Melonik bozetara joatearen alde egin du, eta Legako Matteo Salvinik, «subiranotasuna herriarena» dela aldarrikatu. 

Gainbehera eta adostasunik eza

Giuseppe Conte lehen ministroak urtarrilaren 26an aurkeztu zuen dimisioa, eta, berriz ere kargura itzultzeko ahaleginak egin dituen arren, ez du lortu Renziren babesa berreskuratzea. Izan ere, harekin izaniko liskarrek eragin zuten koalizio gobernuaren gainbehera. Europako funtsen inguruko eztabaiden ondorioz, Italia Bizirik alderdiko bi ministroek dimisioa aurkeztu zuten, eta gobernua gutxiengoan utzi.

Bost Izarren Mugimendua eta Alderdi Demokrata prest agertu dira Contek gidatutako beste gobernu baten parte izateko, baina horien babesa ez da nahikoa izan, azken aukerak ere huts egin baitie, Berlusconiren Forza Italiak.

Hala, azken astean, alderdietako bozeramaileekin bildu da Mattarella, baina ez du lortu denak ados jartzea. Egoera horretan, bi aukera zituela adierazi du: bozetarako deia egin edo «parlamentuko indar politiko guztiak deitzea inolako formula politikorekin identifikatuko ez den profil altuko gobernu bati konfiantza ematera». Presidentearen hitzetan, «arduragabekeria» litzateke egungo egoeran hauteskundeak egitea, eta, horregatik, bigarren aukeraren alde egin du. 

Ez da Italian halako gobernu bat bultzatzen duten lehen aldia. Beste hirutan ere gertatu da halakorik. Azkena, duela hamar urte. Orduko presidente Giorgio Napolitanok Mario Montiren esku utzi zuen gobernua eratzea, krisi ekonomikoaren eraginez Silvio Berlusconik dimisioa aurkeztu ostean. Ordutik aurrera, azken hamarkadan, sei gobernuburu izan ditu herrialde hark.

Azkenak, Conterenak, ez du hiru urte iraun. M5Sri eta Legari esker iritsi zen gobernura, baina 2019ko abuztuan, eskuin muturreko alderdiak koalizioa utzi zuen, Salvinik migratzaileen kirisian izaniko rolak sortutako liskarren eraginez. Haren lekua hartu zuen Renziren Italia Bizirik alderdiak, baina azken hilabeteetako egoerak adostasuna hautsi du.

Ekonomia ardatz

Mario Draghi Europako Banku Zentraleko presidente izateagatik da ezaguna. Zortzi urte egin zituen kargu hartan, 2011tik 2019ra. Aurretik, besteak beste, Munduko Bankuko (1985-1990) zuzendari eta Italiako Bankuko gobernadore (2006-2011) izan da. Azken kargu hori hartu aurretik, Goldman Sachseko presidenteorde ere izan zen. Kargu hartan zela, bankuak Greziako Gobernuaren defizita ezkutatzen lagundu zuen. 2011n, Europako Parlamentuko Ekonomia Batzordeak Draghi galdekatu zuen. Orain, 73 urterekin, Italiako lehen ministroaren kargua hartzear da. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.