Auzitegi Gorenak Ellakuriaren hilketagatik ezarritako zigorra berretsi du

Inocente Orlando Montano El Salvadorko Defentsa ministrorde eta armadako koronel ohiari 133 urteko espetxe zigorra ezarri dio, Auzitegi Nazionalak egin bezala. Gehienez, 30 urte egingo ditu kartzelan

Inocente Montano, El Salvadorko Segurtasun Publikoko ministrorde ohia, iaz, akusatuen aulkian Auzitegi Nazionalean. EFE
joxerra senar
2021eko otsailaren 3a
13:09
Entzun

Espainiako Auzitegi Nazionalak iazko irailean ezarritako zigorra berretsi egin du Auzitegi Gorenak, eta Inocente Orlando Montano El Salvadorko Segurtasun Publilkoko ministrorde ohi eta koronel izandakoa egin du Ignacio Ellakuria eta beste lau jesuiten hilketaren erantzule. Kaleratutako epaian, Gorenak baieztatu du estatu terrorismoa izan zela 1989ko azaroaren 15eko gauean izandako hilketa. Hildako bakoitzeko 26 urte, zortzi hilabete eta egun bateko zigorra ezarri dio. Dena den, gehienez 30 urte egingo ditu kartzelan, Gorenak adierazi duenez.

Bost jesuitekin batera, El Salvadorko jesuita bat, unibertsitateko sukaldaria eta haren 15 urteko alaba erail zuten Montanoren agindupeko indar armatuek, baina horregatik ez da epaitua izan, AEBek ez baitzuten hura Espainiaratzeko baimena eman erailketa horiengatik.

Garai hartan, Ellakuria Erdialdeko Amerikako Unibertsitateko errektorea zen, eta gatazkari irtenbide bat emateko bitartekari lanak egiten saiatzen ari zen FMLN eta gobernuaren artean. Montano, berriz, agintera iristeko borrokan ari zen Tandona taldeko buruen gertuko kidea zen; hau da, armadako ofizialen 1966ko promozioko kidea.

Iazko ekainean egin zen Montanoren aurkako epaiketa Auzitegi Nazionalean, eta epaimahai hark ondorioztatukoa berretsi du gorenak orain. Epaiaren arabera, 1989an FMLNk egindako oldarraldiaren aurrean, boterea eta kontrola galtzeko arriskua ikusita, erabaki zuten Ellakuria hiltzea, gatazka hartan bi aldeak bake prozesu batera eramateko ahalegin handiena egiten ari zen pertsona zelako.

Epaiaren arabera, agindu zuzena eman zioten Eskola Militarren zuzendariari Ellakuria hil zezaten, «lekukorik utzi gabe». Epaiak argi utzi du hilketa erabaki zeneko bilera guztietan egon zela Montano, eta bera zela segurtasun indarren arduraduna. Hilketa egin zeneko unibertsitateko egoitzan, Ellakuria ez zegoen bakarrik, eta egoitza hartan ziren guztiak hiltzeko agindua eman zen, lekukorik egon ez zedin. Epaiak azaltzen duenez, hilketa bera  «estatu krimen haren biktimek bizi behar izan zuten beldurrezko benetako istorio bat izan zen».

Epaiketan, azaldu zuen ardura hargatik libre uzteko arrazoi gisa, beharrezkoa zela egoera hura. Horren aurrean, Gorenak atzera bota du hori: neurriz kanpo jokatzeaz harago, «kasu honetan, akusatuak ez zuen inolako interes gatazkarik Ellakuria, haren adiskideak, sukaldariak eta haren alaba hiltzera premiatzen zuenik». Gorenaren arabera, «guztiz deitoragarria» da argudio hori erabiltzea, hiltzeko erabakia Armadako buruek, bere baliabide guztiekin, hartu zutelako, inolako babesik ez zuten biktimen aurka. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.