Lan osasuna

Zigorra bi tailerri, amianto kasu batengatik

2015ean hil zen Jesus Maria J.R., hainbat urtez galgetako zapata amiantodunak babesik gabe aldatu izanak eragindako minbiziaren ondorioz.

Asviasmieko elkarretaratze bat, 2019ko otsailean, amiantoari buruzko epaiketa batean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Iker Aranburu.
2021eko otsailaren 4a
10:44
Entzun

Donostiako Gizarte Arloko 5. Auzitegiak Artikutza eta Irovisa zigortu ditu, Jesus Maria J.R. mekanikaria amiantotik babesteko neurriak hartu ez zituztelako. Jesus Maria J.R. 2015eko urtarrilean hil zen, amiantoaren hautsa arnasteak eragindako minbiziaren ondorioz.

Artikutzak eta Irovisak pentsioaren %50eko gainsaria ordaindu beharko diote hildako langilearen alargunari.

Jesus MariaJ.R.-k RAG SA autoen konponketarako tailerrean lan egin zuen (orain Artikutza du izena) 1970tik 1972ra, eta Irovisan 1975 eta 1984 artean. Urte horietan, amiantoaren zuntzekin kontaktua izan zuen, galgetan eta enbrageetan erabiltzen zirelako, baina ez zioten babes tresnarik eman. 1984 arte, galgetako zapata guztiek zuten amiantoa, eta 1990eko hamarkadara arte erabili zuten.

Asviamie amiantoaren biktimen elkarteak azaldu duenez, 2016ko apirilean Gizarte Segurantzaren Institutuak onartu zuen lanak eragindakoa zela Jesus Maria J.R.-ren gaixotasuna, eta, horren ondorioz, 2017ko ekainean Donostiako auzitegiak 154.000 euroko kalte-ordaina pagatzera zigortu zituen Artikutza eta Irovisa, eta EAEko Justizia Auzitegiak epaia berretsi zuen 2017ko azaroan. Pentsioaren errekargua ukatu zioten Gizarte Segurantzak eta Lan Ikuskaritzak, ez baitzuten enpresen ardurarik ikusten. Izan badutela ebatzi du, ordea, Donostiako auzitegiak, prebentzio neurririk ez zutelako hartu.

Lan Ikuskaritzarekin haserre

Asviamie oso haserre azaldu da Lan Ikuskaritzarekin, uste baitu "enpresek betetzen ez dituzten prebentzio legeen zuritzaile" gisa jokatzen duela. "Hainbat urtez, Lan Ikuskaritzak begiak itxi zizkion amiantoaren, silizearen eta beste substantzia batzuen kontrolik gabeko erabilerari, eta  enpresek ez zituzten betetzen prebentzio legeak".

Gaur Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Eguna denez, Asviamiek berriro eskatu die Espainiako Gorteei, Espainiako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari amiantoaren biktimentzat funts bat sortzeko, hartara auzitara jo behar ez izateko. Hirutan egin du eskaera Eusko Legebiltzarrak, baina funtsa blokeatu egin dute Madrilen.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.