Industria

Industriaren ekoizpena %13,3 apaldu da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan

Urtearen amaieran txikitu egin da erorikoa: abenduan, %7,2ko jaitsiera izan du iazko abenduarekin alderatuz gero.

Jundizko industriagunea hutsik, martxoaren amaieran-. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Iker Aranburu.
2021eko otsailaren 4a
11:46
Entzun

Industria da koronabirusaren krisiari ongien eutsi dioten sektoreetako bat, baina, hala ere, kolpe gogorra eman zion udaberriko konfinamenduak, eta horri erabat buelta eman ezinean dabil oraindik ere.

Martxotik apirilera %30-40ko jaitsiera izan zuen Araba, BIzkai eta Gipuzkoako industriaren ekoizpenak, Eustaten gaur emandako datuen arabera. Jarduerak zabaldu ahala, erorikoa leunduz joan da, egia bada ere udazkenean hobekuntza eten egin dela. Horrela, urte arteko jaitsierarik txikiena azaroan izan du ekoizpenak: %6,9. Abenduan pixka bat egin du behera; azaroan baino %1,4 gutxiago ekoitzi dute lurraldeko enpresek, eta, horren ondorioz, %7,2ra iritsi da urte arteko tasa.

Urte osoan, berriz, %13,2 jaitsi da indizea, kopururik handienetan bigarrena Eustatek datuak biltzen dituenetik. 2009ak soilik gainditzen du, %21,7 apaldu baitzen urte hartan. Berez, hainbat urtez igotzen aritu ondoren, indizea 2009ko mailara itzuli da, eta gutxigatik gainditzen du 2013koa eta 2014koa.

Industriaren atal guztietan txikitu da ekoizpena: %15,8 bitarteko ondasunetan, %12,6 ekipo ondasunetan, eta % 11,9 energian. Kontsumo ondasunek, bestalde, urtean %6,7ko produkzio jaitsiera izan dute guztira; kontsumo ondasun iraunkorrek %13,2 egin dute behera, eta kontsumo ondasun ez-iraunkorrek, %5,2.

Bizkaian apaldu da gehien industria produkzioa 2020 osoan (-%16), eta Gipuzkoan gutxien (-%10,6). Tartean geratu da Araba, %13,2 jaitsi baita han.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.