Bihar BERRIA-n

Lucarinitarrak Euskal Herrian

Italiatik etorritako eskultore familia oparoa da lucarinitarrena, eta haienak dira, askok jakin ez arren, inguruko eraikin, parke, eliza eta hilerrietako obra asko. Anarkistak ziren, eta kartzela ezagututakoak 1936ko gerraren ostean. Haien ibiliaren berri emango du bihar Bizigiro sailak erreportaje batean.

Bilbon dagoen Deustuko tigrearen eskultura da Joaquin Lucarini Makazagaren lanik ezagunenetakoa. MARISOL RAMIREZ / FOKU
enekoitz telleria sarriegi
2021eko otsailaren 5a
10:55
Entzun

Italiako Pietrasanta herrian dute jatorria lucarinitarrek. Luca probintzian dago herria, Carrarako harrobietatik gertu. Handik etorri ziren Euskal Herrira, eta handik ekarri zituzten, marmola zizelkatzeko abilezia ez ezik, esperantoa, naturismoa eta anarkismoa ere, besteak beste.

Hiru anaia izan ziren iristen lehenak, XIX. mendearen hasieran: Alfredo, Serafin eta Angel Lucarini Puliti. Eskultoreak ziren hirurak, baina azken horren jarduna izan zen garai hartan nabarmendu zena, Gasteizko katedral berrian, esaterako.

Eta Gasteizen du abiapuntua, hain zuzen, Angel Lucarinik lucarinitarren zuhaitz genealogiko oparoan sortutako adarrak. Lantarongo (Araba) Fontetxa kontzejuko hargin familia bateko alaba batekin ezkondu zen: Casilda Makazagarekin. Sei seme-alaba izan zituzten: Teresa, Joaquin, Amador, Liberto, Alberto eta Florencio. Zaharrena eta gazteena ez beste guztiak eskultore lanetan aritu ziren, eta Joaquin nabarmendu zen gehien. Harenak dira Bilboko eta inguruetako hainbat eraikinetan eta parketan dauden eskulturak. Esaterako: Deustuko tigrea, Bilbon (1943); Fleming doktorearen bustoa, Bilbon (1962); Begoñako Ama, Gaztelugatxeko Donieneko golkoan urperatu zutena (1963); Sardinera monumentua, Santurtzin (1964); eta beste hainbat.

Amador Lucariniren biloba Luis Marik eta Alberto Lucariniren seme Angelek eman dituzte beren familiari buruzko xehetasunak.

Lucarinitarren istorioez gain, Lazkaoko (Gipuzkoa) Maizpide barnetegian euskara ikasten ari diren irakasleen berri ere emango du Bizigiro sailak bihar. Izan ere, euskal diasporako 11 lagun daude Maizpiden, bi hilabeteko egonaldia egiten —urtarrila eta otsaila—, bertako taldeetan sartuta, bere euskara hobetzeko. Argentinakoak, Uruguaikoak eta Txilekoak dira. Ikasle horietako batzuk irakasle ere badira beren herrialdeetako euskal etxeetan. Etxepare Euskal Institutuaren Euskara Munduan programari esker iritsi dira Euskal Herrira. Internet bidez ikasten dute euskara, HABEren Ikasten online plataformaren bidez. Bizigiro-k Marcela Inda eta Sebastian Amaya ikasleekin hitz egin du, eta baita Laida Begiristainekin ere, Maizpide barnetegi-euskaltegiko zuzendariarekin.

Mikel Iarzak urte hasierako nobedade interesgarrienetako bati buruzkoak azalduko ditu telesailen atalean: Losing Alice. Apple TV+ plataformak estreinatu du, eta Sigal Avin AEBetan jaiotako sortzaile israeldarrak ondutako lana da. Avinek bi hamarkada egin ditu zuzendari eta gidoigile lanetan, eta hau du irismen handiko streaming bidezko plataforma baterako lehen lana. Obsesiozko erakarpen istorio bat da.

Zinema estreinaldiei dagokienez, Beacky filma hizpide. Mendeku gosez jantzitako thriller bat da. Datorren ostiralean estreinatuko dute Movistar+ atarian, Beacky eta Jeff aita-alabei gertaturiko jazoera lazgarri bat du oinarrian. Bi zinemagileren artean ekoitzi dute filma: Cary Murnionen eta Jonathan Miloten artean.

Azkenik, gastronomia atalean, Ormaiztegiko (Gipuzkoa) Kuko jatetxeko Iker Markinez sukaldariak aza gorria prestatuko du papillote erara, mozzarela freskoarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.