Komunikazioa

Heraldabide, adimen artifiziala euskal hedabideen zerbitzuan jarriko duen proiektua

Berrikuntza proiektu bat jarri dute martxan BERRIAk, Kanaldudek, Hamaikak eta Antxeta irratiak, Elhuyarren laguntza teknologikoarekin. Egitasmoak Akitania Berria-Nafarroa-Euskadi euroeskualdearen babesa du.

Heraldabideren aurkezpena, gaur, Donostian. ANDONI CANELLLADA / FOKU
urtzi urkizu
2021eko otsailaren 5a
15:18
Entzun

Adimen artifizialaren onurak euskarazko komunikabideen mesedetan erabiliko dituzte Heraldabide egitasmoan. Teknologia kazetarien, kudeatzaileen eta erabiltzaileen zerbitzuan jarriko dute, eta, horretarako, zenbait eragile elkartu dira. Heraldabide proiektuan euskarazko lau komunikabidek parte hartuko dute: BERRIAk, Kanaldudek, Hamaikak eta Antxeta irratiak; Elhuyar fundazioak emango die laguntza teknologikoa. Egitasmoaren xedea izango da euskarazko hedabideetara iristea adimen artifizialaren olatuaren onurak, digitalizazioaren eta negozio eredu berrien erronkei hobeto heltzeko, baita erabiltzaileen esperientzia eta beharrei erantzuteko ere.

Josu Aztiriak, Elhuyarreko Adimen Artifiziala Hizkuntzan unitateko koordinatzaileak, azaldu du proiektuari lotuko zaizkion hiru eragin eremu daudela: «Batetik, irisgarritasuna, hau da, euskarazko edukiak ahalik eta jende gehienarengana iristea. Horretarako, oso beharrezkoak dira transkripzio teknologiak eta hizketa testu bihurtzen duten teknologiak». Kasu praktiko bat martxan da jada: Antxeta irratiko webgunean (antxetamedia.eus) sartzen den erabiltzaileak audioa duen albiste batean klik egiten badu, ikus dezake nola entzuten duen audioa testu moduan agertzen zaion pantailan.

Teknologiaren bidez, azpidatziak automatikoki sortu daitezke. «Horrekin, arazoak dituzten pertsonek ahozko edukiak ulertzeko aukera izango dute. Edo euskaraz ulertzeko mugak dituzten pertsonek ere ikus-entzunezkoak ulertu eta barneratzeko aukera errazagoa izango dute. Jende gehiagorengana iristeko modua izango dute hedabideek», gaineratu du Aztiriak. Ohartarazi du, hala ere, erronkak ez direla gutxi: euskalkien erabilera, bat-bateko hizkera eta elkarrizketak ondo transkribatzea. «Zuzeneko emankizunen azpidazketa ere hor dago. Badaude erronka teknologiko batzuk aurrera eraman beharko ditugunak».

Bestalde, kudeakertarekin lotutako erronkak aipatu ditu Elhuyarreko ordezkariak: «Testuen meatzaritzak aukera ematen du orain arte tratatu ezin genituen testuak sailkatu, hitz gakoak atera, katalogatu eta bilaketa errazagoak egiteko. Uste dugu horrek hedabideen kudeaketa eraginkorragoa egiteko aukera emango duela». Kazetarien eta kudeatzaileen lana erraztu dezake teknologia horrek. «Edukietara iristea errazagoa izango dute, eta edukiak hobeto kudeatu ahalko dira».

Eta hirugarren eremuan kontsumo eredua kokatu du Aztiriak: «Erabiltzaileek gero eta eduki pertsonalizatuagoak behar dituzte. Eduki horiek ondo sailkatuta baldin badituzte, hitz gakoak aterata baldin badaude, eta baldin badakigu erabiltzaile horiek zer duten gustuko eta zergatik sartu diren eduki horretan, pista asko emango dizkio komunikabideari. Bai proiektu berriak diseinatzeko, bai gehien kontsultatzen diren edukiak zein diren jakiteko. Hori guztia datuen analitikarekin ondo uztartuta, potentzialtasun handia eman diezaioke teknologiak hedabideei».

Hiru urterako proiektua da Heraldabide, eta Akitania Berria-Nafarroa-Euskadi euroeskualdearen babesa izango du. Iragarri dutenez, uztailean eman ahalko dituzte aurreneko emaitzak.

Plataformak funtzio hauek izango ditu: etiketa semantikoen erauzketa neuronala testuetatik eta audioetatik euskarara, frantsesera eta gaztelaniara; etiketa semantikoen erauzketa aberatsa, gai orokorrak, gai zehatzak, eta izendun entitateak (pertsonak, erakundeak eta tokiak) bereiziko dituena; edukiak Wikidata ezagutza data base estandarreko kontzeptuekin lotzea; eta audioen azpidazketa automatiko sendoa, aintzat izango dituena hizkera espontaneoa, euskalkiak eta inguruko zarata. Iparraldeko aldakerak eta bizkaiera hartuko dira aintzat.

Martxelo Otamendi: «Landaretxoak basoan»
Proiektuan parte hartuko duten lau hedabideetako ordezkariak elkartu dira gaur Heraldabideren aurkezpenean, Donostian. Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariak nabarmendu du garrantzitsua dela Euskal Herri osoko komunikabideak elkartzea eta egitasmoa nazionala izatea. Proiektua «polita» dela uste du: «Hainbat eduki antolatzeko baliagarria izango da. Interesgarria izango da datuen azterketaren ondorioz hobeto ezagutzea eta identifikatzea kontsumo joerak zein diren: jauzi bat emango digu tresna horrek». Onura gehiago ere izango ditu. «BERRIAko edukien bilaketa bizkorrago egin ahalko da, askoz ñabardura eta zehaztasun gehiagorekin. Erabiltzaileentzat ona izango da, egun dagoen baso handi horretan bilatu nahi den landaretxo hori topatzeko. Baita guretzat ere, BERRIArentzat, jakiteko jendeak zer landaretxo nahi dituen baso handi horretan. Halaber, guk eskaini ahal izateko jendeak nahi dituen landaretxo mota horiek».

Hamaika telebistako zuzendari Iñaki Uriari «sekulako poza» eman dio proiektua aurkezteak. «Euskara eta teknologia lotzen dituen proiektu bat da, inteligentzia artifiziala aprobetxatuz. Ondo etorriko zaigu hedabideoi zenbait erabilgarritasunetan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.