Koronabirusa

Zupiria: «Egoerak eskatzen du zorroztasunez jarraitzea»

Ostiral honetan Labiren aholku batzordeak hartuko dituen erabakiak kutsatzeen bilakaerak baldintzatuta egongo dira, Jaurlaritzako eledunaren arabera. Azken egunetan beheranzko joera bat egon bada ere, «tentsioari» eustearen aldekoa da Zupiria.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramailea. RAUL BOGAJO/ FOKU
Edurne Begiristain.
2021eko otsailaren 8a
11:44
Entzun

Ostiralean elkartuko da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan izurria kontrolatzeko neurriak hartzen dituen Labi aholku batzordea. Bilera horretan har daitezkeen neurriei buruz mintzatu da gaur Euskadi Irratian Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramailea, eta zuhur jokatzearen alde egin du. Zupiriak ez du aurreratu zein erabaki hartu ditzakeen Labiak, baina azpimarratu du pandemiaren eta kutsatzeen datozen egunetako bilakaerak baldintzatuta hartuko direla. Hala ere, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak esan du azken egunetako kutsatzeek beheranzko joera adierazten duten arren, egoera edozein unetan alda daitekeela eta ezinbestekoa izango dela «zorroztasunez» jarraitzea. «Kontuan izanda zer datorkigun eta zer daukagun aurrean, eta zeintzuk diren datozen hilabeteetarako helburuak, egoerak eskatuko digu zorroztasunez jarraitzea. Batetik, ez dakigu zein gorabehera izango duen gaixotasunak gure artean, eta, bestetik, txertoak bere eragin potoloa eta nagusia gizartearen parte handiarengan eduki arte, tentsio batean bizi beharko dugu gaixotasun honekin».

Teknikariek egindako analisiaren arabera hartuko ditu erabakiak Labiak ostiralean, baina betiere Jaurlaritzak ezarriak dituen lehentasunak aintzat hartuta, Zupiriak azpimarratu duenez. Hiru aipatu ditu: jarduera ekonomikoa ahal den irekiena izatea, aurrez aurreko hezkuntza bermatzea, eta bizitza soziala «ahal den eramangarriena» egitea.

Ostalaritzari ezarritako neurri murriztaileei buruz ere mintzatu da Zupiria. Bihar erabakiko du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ostalaritza eta jatetxeen itxieraren aurka patronalak aurkeztutako helegiteari buruz, eta Eusko Jaurlaritzako abokatuek gaur aurkeztuko dizkiote alegazioak helegite horri. Zupiriak azaldu du «ebidentzietan» oinarritutako alegazioak aurkeztuko dituztela. Ostalaritzako murrizketak Europako herri nagusietan indarrean dauden neurrien parekoak direla esan du, eta horiek hartzeko arrazoiak badirela defendatu: «Bai hemen bai beste toki batzuetan ikusi dugu ez dugula berdin jokatzen okindegi batean edo taberna batean. Okindegian gure txanda errespetatzen dugu, eta tabernetan pilatu egiten gara, jateko edo edateko maskara kentzen dugu eta arrisku egoerak sortzen ditugu. Neurri murriztaileak indarrean daude hemen, estatuan eta Europako herrialde gehienetan».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.