INGURUMENA

Zubietako erraustegiari otsailaren 1ean eman zioten abian jartzeko akta

Arantxa Tapiak adierazi duenez, martxan egoteko baimen guztiak dauzka plantak.

Zubietako erraustegiari joan den urtarrilean egindako argazki bat. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Igor Susaeta.
2021eko otsailaren 9a
17:03
Entzun

EH Bilduren ustez, «irregulartasun zantzu handiak» daude Zubietako erraustegiaren (Gipuzkoa) jardueran. «Leku, une eta esparru desberdinetan», azaldu du Mikel Otero legebiltzarkideak. Miren Gorrotxategiren iritziz (Elkarrekin Podemos-IU), «hainbat arazo» azaleratu dira plantari baimenak emateko orduan eta jarduera kontrolatzeko garaian. «Suteak, transformadorearen leherketa, isuriak...», zerrendatu ditu. Bi legebiltzarkideek eskatua zioten Arantxa Tapiari azal zezala bai baimenen egoera administratiboa, baita erraustegiak araudiak nola betetzen dituen ere. Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak Eusko Legebiltzarreko Jasangarritasun eta Ingurumen Batzordean adierazi duenez, Zubietan, «zaila» izanda ere, «arauak betez» eman dira «baimen guztiak» eta egin dira tramite administratiboak. Jakinarazi du joan den otsailaren 1ean eman ziotela abian jartzeko akta; hau da, martxan jartzeko behar zuen azken baimena. Plantak, hortaz, ia bi hilabete egin ditu martxan baimen guztiak tramitatuta eduki gabe, joan den abenduaren 11n inauguratu baitzuten.

Tapiaren arabera, ingurumen baimen integratua (IBI) iazko ekainean eman zion Ingurumen Sailak Zubietako erraustegiari, eta, «egin diren ikuskaritzak aintzat hartuta», Ekondakin enpresak kudeatutako plantak behar bezala betetzen ditu IBIak ezarritako baldintzak ingurumenari dagokionez.

«Gai energetikoa» ere izan du hizpide Tapiak, Oteroren (EH Bildu) eta Gorrotxategiren (Elkarrekin Podemos-IU) galderei erantzutean. Gogoratu du erraustegiak energia sortzen duela, hondakinen balorizazioaren bidez. «Horretarako, eta EAEko eta estatuko [Espainiako] araudiek diotenez», hiru baimen administratibo eman behar ditu Ingurumen Sailak. Tapiaren esanetan, lehen biak 2019an eman ziren, eta azkenekoa, «ustiapenari» dagokiona, joan den  otsailaren 1ean igorri zuten. «Horrenbestez, bukatu dira tramiteak alde horretatik».

Eta atmosferara igorri eta erreketara isuritako «kutsatzaileei» dagokienez, Tapiak nabarmendu du kontroletan ez direla gainditu IBIan «zehaztutako balioak».

«Gardentasun falta»

Gorrotxategik «gardentasuna falta eta ilunkeria» egotzi dizkio Jaurlaritzari erraustegiaren gaian. Jaurlaritzako Ingurumen sailburua ez dator bat: «Arautegiari jarraikiz, beharrezko informaziorako sarbidea ematen dugu. Ez da gure asmoa informazioa ezkutatzea».

Zubietako erraustegian egindako «akats guztiak» zuzenduta daudela azpimarratu du Tapiak, eta planta bera defendatu du. «Modernoa da. Ondo funtzionatzen ari da beharrei egokituta».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.