SNOWBOARDA

Lucas Egibar, munduko txapeldun

Donostiarrak urrezko domina irabazi du snowboardercrosseko Munduko Txapelketan, Idre Fjaellen (Suedia)

Lucas Egibar, artxiboko argazki batean. EFE
Julen Etxeberria-Ainara Arratibel Gascon
2021eko otsailaren 11
16:43
Entzun

"Ezin dut sinetsi. Hau amets bat da. Etxekoak ditut batez ere gogoan". Lucas Egibar hala mintzatu zaio Berriari, snowboardekocrosseko Munduko Txapeldun izan berritan. Ederki sufritutako garaipena izan da, atzetik aurrera eginda lortutakoa. Izan ere, azken zuzenguneari ekin aurretik hirugarren zen Egibar. Alessandro Haemerle austriarra eta Eliot Grodin kanadarra zituen aurretik. Baina azken zuzengunean, azken jauzietan, abiadura bizia hartu du donostiarrak, eta aurkariei aldea kentzen hasi da. Harrapatu egin ditu biak, baita pasatu ere. Horren estua izan da amaiera, helmugaren fotoa ikusi behar izan dutela epaileek. Baina ez dute zalantzarik izan, eta Egibarri eman diote garaipena. Orduan lehertu da donostiarra. "Banekien azken txanpa horretan zegoela gakoa, eta horraino gertu eta erori gabe iristen banintzen nire aukerak izan nintzakeela, eta halaxe izan da. Teknikoki ibilbide konplexua zen, eta horrek mesede egiten zidan. Atzetik nentorrela, Haemerle hain gertu ikusi dudan, pentsatu dut arriskatzeko unea zela, eta hor egon da gakoa".

Sufritutako garaipena izan da, baina guztiz merezitakoa, sekulako lana egin baitu Munduko Txapelketan, hasi eta buka. Asteartean, hirugarren denborarik onena egin zuen sailkatze proban. Haemmerle eta Merlin Surget frantziarra bakarrik izan zituen aurretik. Gaur, berriz, lehiatu den lau lasterketak irabazi ditu: final-zortzirenetan, final-laurdenetan, finalerdietan eta finalean izan da azkarrena. "Finalean, edozeinek irabaz zezakeen. Gure kirola oso eroa da, eta eroriko edo akats batek hankaz gora jartzen du dena. Zorionez, gaur dena alde atera da".

Garaipena sekulako bultzada da datozen erronkei begira,  batez ere hurrengo urtean izango diren Neguko Olinpiar Jokoei begira. "Ni jakitun nintzen onenen artean egon nintekeela, behin baino gehiagotan erakutsi dut. Baina egia da azken txapelketa handietan ez nintzela emaitza onak lortzen ari, aipatutako eroriko edo akatsengatik.  Denboraldia ere ez nuen ondo hasi. Baina garaipen honek sekulako konfiantza ematen dit".  Hala ere, bazuen kezka txiki bat. "Ez naiz erori, baina saltoetako batean keinu txarren bat egin dut, eta bizkarrean min dezente daukat. Ea ez den ezer, datorren astean Munduko Kopako proba bat baitut Austrian, eta ordurako ondo egon nahi dut". Hala, gaurko garaipena ospatzeko denbora gutxi izango du Egibarrek. "Gaur zertxobait gozatu dut, baina bihartik aurrera Austrian pentsatzen jarri behar dut. Hilabete falta zait, dena den, denboraldia amaitzeko, eta orduan izango dut Donostiara, bueltatu eta gaur lortutakoaz patxadaz eta gertukoekin gozatzeko aukera".

Gaur irabazitako urrezko dominarekin, Egibarrek duela bi urte Park Cityn (AEB) jokatutako Munduko Txapelketako arantza atera du. Orduan ere oso lan egin zuen: finalera iritsi zen, beste hiru lehiakiderekin batera, baina azkena geratu zen, eta esku hutsik geratu zen, dominarik gabe. Kolpea izan zen, bi urte lehenago handia egin baitzuen Sierra Nevadan (Espainia) jokatutako ekitaldian. Bi domina irabazi zituen orduan, zilarrezkoak biak, banakako eta taldekako lehian. Aurretik ere balentria eginda zuen, 2015ean Munduko Kopa irabazita. 

Euskal herritar batek munduko txapelketetan irabazitako seigarren domina da. Donostiarrak lortutako hiru dominei Xavier de la Rue baionarrak aurretik irabazi zituen hirurak gehitu behar zaizkie. Hark ere snowboardercrossean eskuratu zituen: bitan izan zen munduko txapeldun (2003an eta 2007an), eta behin txapeldunorde (2009an).  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.