KPI

Argindarrak eta elikagaiek %0,5era igo dute inflazioa

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako saltokietan %7,4 jaitsi ziren salmentak 2020an.

Elikagaiak ia %2 garestitu dira urtarrilean. RAUL BOGAJO / FOKU
Iker Aranburu - Jokin Sagarzazu
2021eko otsailaren 12a
10:59
Entzun

Iazko apirilean sartu zen inflazioa tasa negatiboetan, konfinamenduak erregaien prezioaren hondoratzea eragin ondoren. Azken hilabeteetan, erregaien produkzio txikiari kontsumo handiagoa batu zaio, eta berriz ari dira garestitzen gasolina eta gasolioa, baina hori ez da izan urtarrileko gorakadaren arrazoia. Are gehiago, iaz baino merkeago daudenez, behera egin dio tira urte arteko tasari. Horrela, garraioak atalean prezioak iaz baino %3,6 merkeago daude Nafarroan, eta %2,8 merkeago Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Beste energia batek eragin handia izan du: argindarra. Urteko lehen bi asteetan, sekulako garestitzea izan zuen, Filomena ekaitzak eskaria handitu zuelako eta gas garesti baten beharra izan zelako kontsumoari heltzeko. Ondorioz, hilabetean %4,5 garestitu da, eta %3tik gora urte arteko tasan.

KPIaren saskian pisu handia dute erregaiek eta argindarrak, baita elikagaiek ere. Urtarrilean, %0,6 garestitu dira Nafarroan eta %0,6 beste hiru lurraldeetan, eta duela urtebete baino ia %2 garestiago daude.

Merkataritza, behera 2020an

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako saltokietan %7,4 jaitsi ziren salmentak 2020an.

Autoen saltzaileek eta tailerrek nabaritu dute gehien COVID-19aren kolpea. Merkataritzaren sektorean haiek izan dituzte galerarik handienak 2020an: aurreko urtean baino % 11,4 gutxiago irabazi zuten iaz. Eustatek jakinarazitako datuen arabera, sektoreak batez beste %7,4ko galera izan du. Txikizkako merkataritzaren kasuan, salmentak % 4,9 murriztu dira, eta handizkako merkataritzan,% 8,5.

Bizkaian handiagoa izan da jaitsiera: %8,3. Gipuzkoan,%6,7 txikitu dira salmentak, eta Araban,%5,7.

Aldi baterako enplegu erregulazioei esker eutsi izan diete lanpostu gehienei sektorean; hala ere, %1,8 galdu dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.