Eraikuntza

Etxebizitzen salmenta %17,2 jaitsi zen iaz Hego Euskal Herrian

Urtearen amaieran txikitu egin da beheranzko joera, baina ez da irauli. Babes ofizialeko etxebizitzen salmenta, ordea, %10 handitu da. Prezioek gorantz jarraitzen dute, baina erritmo apalagoan

Etxebizitzak eraikitzen, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Iker Aranburu.
2021eko otsailaren 15a
18:26
Entzun

Zazpi urteko goranzko joera eten du etxebizitzen salerosketak. INEren behin­-behineko datuen arabera, iaz 21.870 etxebizitza salerosi ziren Hego Euskal Herrian, aurreko urtean baino 4.546 gutxiago (-%17,2). Hilez hileko datuek erakusten dutenez, salerosketak erdira jaitsi ziren udaberriko konfinamenduan, eta horren ondorioz ,urteko lehen erdian %26 gutxitu ziren. Orduz gero animatu dira piska bat salmentak, baina beheranzko joera eten gabe: 2020ko abenduan, esaterako, 2019ko hilabete berean baino %6,8 etxebizitza gutxiago salerosi ziren Hegoaldean.

Etxe gutxiago saltzeak prezioen beherakada ekarri ahal du, eskaintzaren eta eskaeraren arteko desorekaren ondorioz. Oraingoz, ordea, halakorik ez da gertatu. Hori bai, prezioen igoera moteldu egin dela erakusten dute azken datuek, 2020ko hirugarren hiruhilekoek: batez beste, urtebete lehenago baino %1,8 garestiago zeuden etxebizitzak. Urtebete lehenago, berriz, garestitzea %4,8ra iritsi zen.

Etxebizitzen merkatuak 2007an jo zuen goia, 35.000tik gora bizitegi salerosi baitziren urte horretan. Atzeraldi Handiak %60 jaitsi zituen salmentak 2013rako, eta horren zati bat berreskuratu du azken urteetan, hazkunde ekonomikoaren eskutik. Joera hori 2019an eten zela iragarri zuten INEren lehen datuek (-%4,8), baina datu horiek zuzendu ditu Espainiako estatistika erakundeak, %0,2ko hazkundea erakutsi arte. Alegia, igoera praktikoki eten zela, baina ez zela jaitsierarik izan. 2020ko datuen zuzenketak ezingo du halako aldaketarik ekarri.   

Babes ofizialekoek, gora

Salmenten jaitsiera mota guztietako etxebizitzei eragin die. Bizitegi berriena %16,5 gutxitu dira, eta %17,4, berriz, bigarren eskukoena. Etxebizitza berriak ozta-ozta ez dira iristen bostetik bat izateari —2007an, ia bitik bat izatera iritsi ziren—.

Aldaketa izan da, ordea, erositako etxebizitzen sustapenean. Azken urteetan saldutakoen %10 inguru izan dira babestutako etxebizitzak, baina 2020an kopuru hori %13,3ra heldu da. Izan ere, gutxitu ez, ugaldu egin dira saldutako babes ofizialeko bizitegiak, %10,7 hain zuzen ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.