AEB-ak

AEBetan hogei hildakotik gora eragin dituzte tenperatura hotzek

Texasen milioika lagun argirik gabe geratu dira ekaitz baten ondorioz. Dallasen azken 70 urteetako tenperaturarik hotzena neurtu dute: hemezortzi gradu zero azpitik.

Ura izoztuta Wilmette hirian, Illinoisen. TANNEN MAURY, EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko otsailaren 17a
10:24
Entzun

Azken urteetako tenperaturarik hotzenak dituzte egunotan AEBetan. Dagoeneko 23 hildako utzi ditu hotzak. Asko errepide istripuetan, bideak ere izoztuta baitaude, edota gasa arnastuta —berogailurik gabe, zenbaitek auto barruan lo egitea erabaki dute—. Texasen dute egoerarik okerrena. Han, milioika lagun daude argindarrik gabe. Argindar enpresek ezin izan diote eskaerari erantzun, eta hotzak berak ere kalteak eragin dizkio sistemari. Han, etxe eta enpresa asko ez daude prestatuta zeropeko tenperaturei aurre egiteko.

Ipar Carolinan hiru lagun hil dira tornado batek haien etxea suntsitu ostean; Texasen, berriz, Houston hirian lau kideko familia bat hil da, haien etxeak su hartuta. Kanadatik hasi eta Mexikoraino alerta egoera ezarri dute tenperatura hotzengatik. Elur ekaitza Mexikoko Golkoraino heldu da, non tenperatura epelagoetara ohituta dauden.

Greg Abbott gobernadorea oso kritiko agertu da estatuko argindar enpresek izan dituzten arazoekin. Zenbait eremutan ur araztegiak ere gelditu egin behar izan dituzte, argindar nahikorik ez dutelako, eta ura egosteko aholkatu diete herritarrei. Zenbait etxetan urik gabe geratu dira jada.

Dallasen (Texas) azken 70 urteetako tenperaturarik hotzenak izan dituzte bart gauean, zeropetik hemezortzi gradu. Estatu bereko beste hiri batean, Houstonen, hamar gradu zer azpitik graduraino jaitsi dira termometroak. Adituek iragarri dute tenperatura hotzak izango dituztela, gutxienez, asteburura arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.