Enpresa

Jaurlaritzak 430 milioi euro jarriko ditu ETE-ei laguntzeko

Enpresa txiki eta ertainentzako 68 programa diseinatu ditu. SPRIren bitartez eskatu ahalko dira. 

Siderurgiako langile bat, bere enpresako biltegian,. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2021eko otsailaren 17a
13:24
Entzun

«Une kritiko batean gaude, eta enpresa txiki eta ertainei (ETE) laguntzeko beharra dugu. Gure ehun industrialaren gehiengoa dira, eta modu global batean lagundu nahi diegu, ahalegin berezia eginez», horrela laburbildu du Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak bere sailak abian jarri dituen ETEentzako laguntzak. Guztira 68 programa dira, hainbat azpisailetan banatuta. 430 milioi euroko aurrekontua du programak, eta interesa duten enpresek programa jakin bateko baino gehiagotako laguntzak jaso ahal izango dituzte. SPRIren bitartez eskatu ahal izango dira. 

Tapia zuhur mintzatu da, gehiegizko baikortasunik zabaldu gabe, baina nabarmendu du euskal enpresak ez daudela «geldirik». Onartu du inbertsioak murriztu dituztela, baina ez eten, eta nazioarteratzeko borondateari eusten diotela. «Bide horretan jarraitzeko borondatea badute», zehaztu du. Borondate hori goratu du sailburuak, iaz jardun industriala %13,3 jaitsi baitzen Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta nazioartekotze prozesua ia geldirik egon baitzen. 

68 laguntza programak bost bloke handitan banatuta daude. Lehenbizikoa larri dauden enpresentzat da, edo larri dauden eremu geografikoetan daudenentzat. Beste bloke batzuk berrikuntza, digitalizazioa eta ekintzailetza bultzatzeko dira. Alde horretatik, Tapiak zehaztu du pandemian detektatu duten arazorik handienetako bat hornitzaileen eta euskal enpresen arteko urruntasuna dela, eta hori konpondu beharreko gabezia bat dela. Azken blokeko laguntzak trantsizio energetikora, jasangarritasunera eta langile gazteak erakartzera bideratuko dituzte. Laguntzen %40 ikerketa, garapen eta berrikuntzako (I+G+b) programetarako izango dira. 

SPRI elkarteak banatuko ditu laguntza horiek, eta hiru bilera informatibo antolatu ditu otsailaren 24, 25 eta 26rako. Katalogo zehatz bat ere diseinatu du. Kanpaina informatiboa ere jarriko dute martxan, Oso ETEzaleak gara lelopean. «Azken ETEraino iristea da asmoa», azaldu du Aitor Urzelai SPRIko zuzendari nagusiak. SPRIren webgunean dago laguntzak jasotzeko aukera. Dagoeneko 1.200 enpresak eman dute izena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.