Zientzia

Marteko esploratzailea iritsi da

NASAren 'Perseverance' ibilgailuak Marten lur hartu du, lurreratze operazio korapilotsu bat eta gero. Bere helburu nagusiak iraganeko bizitza arrastoak bilatzea, Planeta Gorria hobeto ezagutzea eta etorkizunean gizakiak bidali ahal izateko esperimentuak egitea dira. Jarraitu zuzenean Marten lur hartzeko operazioa albiste barruko 'streaming'-ean.

Gaurko operazioaren azken urratsaren irudikapen artistiko bat. NASA
jakes goikoetxea
2021eko otsailaren 18a
20:39
Entzun

Izan al zen bizitzarik Marten? Galdera horri erantzuten saiatuko da Perseverance ibilgailua. Horretarako, bizitza arrasto fosilizatuak bilatuko ditu Planeta Gorriaren lurrazaleko arroketan eta baita lur azpian ere. Bizitza arrasto txikienak ere aurkitzeko prestatu dute, eta mikrobioen eta haien eraginaren bila joan da. Bizitza Marten? Bai, ura behintzat badago. Izotza aurkitu dute, lur azpiko ur gaziko lakuak ere bai, eta lurrundutako ura topatu dute atmosferan. Horrek indartu egiten du Marten bizitza arrastoak aurkitzeko aukera.

Lorpen zientifikoa eta teknologikoa ikuskizun mediatiko bihurtuta, lurreratzea zuzenean eskaintzen ari da NASA. Beno, zuzenean ez, telebistako terminologia erabilita, zuzeneko faltsua dei dakioke, Marteko irudien seinalea zerbait gertatu eta 11 minutu eta 22 segundora iristen baita Lurrera. Hemen ikus daiteke NASAren emanaldia, streaming-en bidez.


Lan egiten hasi aurretik, ordea, NASA Ameriketako Estatu Batuetako Espazio Agentziaren ibilgailuak Martera iritsi behar zuen, lur hartu, ehunka urrats eta prozedura kritikoz osatutako lurreratze operazio batean. 480 milioi kilometro inguruko eta sei hilabete eta erdiko bidaiaren amaiera (iazko uztailaren 30ean jaurti zuten).

Hona ibilgailuak Martetik bidali duen lehenengo argazkia.



Amaiera bortitza, espaziontzia 19.500 kilometro orduko abiaduran iritsi baita Marteko atmosferara; atmosferan sartzean 1.300 gradu inguruko tenperatura jasan behar izan du; abiadura moteltzeko paraxut erraldoi bat zabaldu; gero suziri batzuekin are gehiago geldotu eta lur hartzeko lekura hurbildu; eta, azkenik, 2,7 kilometro orduko abiaduran lur hartu.

Eta halako denbora aldea baldin badago, nola zuzendu eta kontrolatu ahal izan dute lur hartzearen moduko operazio neurtua, zehatza eta kritikoa Lurretik? Marteren orbitan dagoen Mars Reconnaissance Orbiter (MRO) espaziontziaren bidez. Perseverance-k, antenen bidez, hari bidaliko dizkio seinaleak, eta MROk, iaz gehitu zioten gaitasun berri bati esker, ia denbora errealean bidali du telemetriari buruzko informazio zehatza Lurreko kontrol gunera. Perseverance-ren eta Lurraren arteko komunikazioak etenda ere, badaezpada, ibilgailu robotikoak lur hartzeko jarraibideak zituen programatuta.

Eta lur hartu eta gero zer? Aurrena argazkiak aterako ditu, non dagoen eta bere ingurua zehazteko. Horrez gain, ibilgailuaren osasun egoera neurtuko dute, arazorik edo matxurarik izan duen jakiteko. Burua, masta, aterako du. Hilabete inguru beharko du lanean hasteko, iraganeko bizitza arrastoen bila. Denbora badu: gutxienez urte martetar bat egingo du han, Lurreko 687 egun.

Perseverance-k Jezero kraterrean lur hartu zuen, eta Jezero kraterra ikertuko du. 45 kilometro zabal da kraterra, eta 610 metroko altuerako ertzak ditu. Zientzialariek uste dute garai batean, duela 3.500 milioi urte, laku bat zegoela bertan, ibai bat iristen zela bertara, eta lakuaren arroa dela kraterra. Amildegiak eta dunak ditu, eta arrokaz beteta dago.

Gurpildun laborategia

Lurretik kontrolatuko dute, baina autonomia maila handia du. Perseverance gurpildun laborategi bat da. Biologo, kimikari, geologo eta esploratzaile. Zehaztasun handiko tresnak ditu, arroka edo hauts lagin txikienetan bizitza arrastoak aurkitu ahal izateko. SuperCam laser, espektrometro eta kamerak, esaterako, laserra jaurtiko die aukeratutako arroka zatiei, laserrarekin arrokaren zati txiki bat lurrundu egingo da, eta espektrometroak eta kamerak lurrun horretako informazioa irakurri ahalko dute. Hau da, konposizio kimikoa, atomikoa eta molekularra jakin ahal izango dute.

Horrez gain, laserra jaurti eta gero entzuten den soinuak arrokaren masari, osagaiei eta testuinguru geologikoari buruzko informazioa emango die Lurrean entzungo duten zientzialariei. Perseverance-k mikrofonoak izango ditu eta, lehen aldiz, Marte entzun ahal izango da.

Beso robotikoan Sherloc izpi ultramoreen espektrometroa eta Pixl X izpien espektrometroa dauzka. Marteko arroken eta lurraren osagai kimikoak identifikatu ditzakete, gatz ale baten neurrikoak, iraganeko osagai kimikoak, molekula organikoak eta mineralak atzemateko.

Azterketa kimikoez gain, oso garrantzitsuak izango dira Marteko lurrazaleko elementuei ateratako goi bereizmeneko argazkiak ere, horien bidez, laginen testuraren bidez, Lurreko ikertzaileek jakin ahal izango baitute ea mikrobioek sortutakoak diren.

Etorkizunerako laginak

Perseverance-k Marten bertan egingo ditu azterketak eta neurketak, baina 40 lagin bilduko ditu, metalezko hodietan. Horietako batzuk ibilgailuan bertan gordeko ditu; beste batzuk, aldiz, Marteko lurrazalean utziko ditu, leku zehatzetan, etorkizunean beste misio batek bildu eta Lurrera eraman ahal izateko. Orduan, ikertzaileek bertatik bertara eta sakonago aztertu ahal izango dituzte. NASAk eta ESA Europako Espazio Agentziak badute programa bat, elkarrekin Martetik laginak bueltatzeko, baina oraindik eperik gabea.



Misioaren helburu bakarra ez da bizitza arrastoak bilatzea. Marteko eguraldia hobeto ezagutzen lagunduko du. Eta etorkizunean astronautak bidaltzeko eta Marten bizi ahal izateko zenbait esperimentu ere egingo ditu. Nagusiena, Marteko atmosferako karbono dioxidoa oxigeno bihurtzeko saiakera. Funtsezkoa izango da, bai astronautak han bizitzeko, bai astronautak Lurrera bueltatzeko. Izan ere, oxigeno likidoa erabiliko lukete itzultzeko suziri espazialaren bulkagailu gisa. Marteko atmosferaren %96 da karbono dioxidoa (CO2) eta %0,13 bakarrik oxigenoa (Lurrean %21).

NASAk bidali du Perseverance Martera, baina Euskal Herriko teknologiak eta ikerkuntzak lagundu du: Sener eta AVS ingeniaritza enpresek eta EHUko bi ikerketa taldek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.