Bihar BERRIAn

Bidaiak bertan behera

Etenda dago kanpora ateratzeko aukera. Ernegatuta daude bidaiariak, eta oso egoera larrian bidaia agentziak. Itxi egin behar izan dute askok, eta nola edo hala aurrera egin nahian ari dira besteak. Egoeraren berri emango du bihar Bizigiro sailak erreportaje batean.

Hegaldiak bertan behera, Belgikako aireportu batean. EFE
enekoitz telleria sarriegi
2021eko otsailaren 19a
11:45
Entzun

Udari begira daude nola bidaiariak hala bidaia agentziak. Pandemiak bertan behera utzi ditu batzuen joanak eta besteen jardunak. Agentzia askok itxi egin behar izan dute. Frankizia direnek ezin dute jaso Eusko Jaurlaritzak abian jarritako laguntzarik, eta frankizia horietako arduradun asko zorpetuta eta itota daude, euren poltsikotik aurreratu behar izan dutelako egin ezinda gelditu diren bidaien dirua.

Egoeraren berri emango du bihar Bizigiro-k erreportaje batean. Sektore horretan lanean ari diren hiru lagunekin aritu da solasean. Hirurak dira agentzien arduradunak, baina hiru errealitate ezberdin dituzte: Aitziber Artuzamonoa Andoaingo B The Travel Brand bulegoko zuzendaria, Fernando Duarte Viajemania eta Mas de Cuatro agentzien sortzaile eta zuzendaria, eta Felipe Uriarte Herriak eta Mendiak agentziaren sortzaile eta mendi gidaria.

Bidaien etenaz eta agentzien jardunaz gain, Iparra Hegoa elkartearen egitasmoaren berri ere emango du Bizigiro sailak bihar: Kutxa Bira. Izan ere, Iparra Hegoa egitasmoa ezingo dute urteroko formatuan egin aurten ere —iaz ere bertan behera geratu zen—, eta, hori dela eta, erabaki dute aurten Kutxa Bira egitea. Argentinatik abiatu eta Euskal Herri osoa zeharkatuko duen egurrezko kutxa bat izango da egitasmoko protagonista nagusia. Viedman (Argentina) hasiko da ekinaldia, martxoaren 20an. Euskal Herrira, berriz, apirilaren 8an itzuliko da kutxa. Zehazki, Baionako Etxepare lizeoan hasiko da Euskal Herriko itzulia, eta, zeharkaldi osoa egin ondoren, Urruñan (Lapurdi) eta Seguran (Gipuzkoa) amaituko du ibilbidea, maiatzaren 30ean.

Mikel Iarzak Woody Allen zinemagilearen inguruan berpiztutako polemikari buruzkoak azalduko ditu telesailen atalean: Allen vs Farrow. HBO plataformaren dokusaila da, eta Kirby Dick eta Amy Ziering dira sortzaileak. Woody Allenek zazpi urteko alaba Dylani ustez egindako sexu abusuen auzia berrikusi dute bertan, orain arte argitaratu gabeko lekukotzen bidez.

Zinema estreinaldiei dagokienez, Non dago Mikel dokumentala hizpide. Heldu den ostiralean estreinatuko dute Hegoaldean. Izenburuak dakarren galdera horri buruz eta galdera horren atzean dauden itzal eta ilun guztiei buruz mintzo da Non dago Mikel dokumentala. Amaia Merino eta Miguel Angel Llamas zinemagileen artean zuzendu dute, eta joan den Donostiako Zinemaldian estreinatu zuten, Zinemira sailean.

Azkenik, gastronomia atalean, Ormaiztegiko (Gipuzkoa) Kuko jatetxeko Iker Markinez sukaldariak Kataluniako koka tosta bat prestatuko du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.