Reala 4-0 Alaves
Realak ez dio aukerarik eman Alavesi
Isakek hiru gol sartu ditu, eta Portuk errematatu du partida.

Manchester Uniteden aurkako partidan jasotako kolpeari sendo erantzun dio Realak asteburuan. Talde txuri-urdinak ez zion aukerarik eman Alavesi, eta Isakek erakutsitako goseak bosgarren postua sendotzeko balio izan dio: 4-0.
Alavesek defentsan indartsu hasi zuen partida, eta Realari zail jarri zion jokoan sartzea. Hala, lehen aukerak Gasteizko taldearentzat izan ziren. Deyversonek, lehenik, eta Joseluk, gero, ez zuten, baina, ate aurrean asmatu. Garesti atera zitzaien. Atsedenaldia iristeko hiru minutu falta zirela, Merinok jarritako baloia sareetara bidali zuen Isakek, seigarren jardunaldiz jarraian.
Bat ez zen nahikoa, ordea, eta bigarren zatian ere protagonismo osoa bereganatu zuen aurrelari txuri-urdinak. Pachecori izkin egin, eta bigarrena sartu zuen, hasi bezain laster. Alavesek ez zuen erantzuteko gaitasunik izan, eta Isakek arratsaldeko hirugarrena egiteko baliatu zuen. Silvaren eta Oiartzabalen arteko jokaldia bikain errematatu zuen. Alaves etsita, kontraeraso bat baliatu zuen Portuk laugarrena egiteko.
Reala: Remiro; Gorosabel, Zubeldia, Le Normand, Monreal; Illarramendi (Gebara, 56. min), Merino (Guridi, 65. min), Silva (Merquelanz, 80. min); Portu, Isak (Jon Bautista, 65. min) eta Oiartzabal (Januzaj, 80. min).
Alaves: Pacheco; Laguardia, Lejeune, Tachi, Agirregabiria; Manu, Edgar (Burgui, 70. min), Pina (Pere Pons, 70. min), Cordoba (Pellistri, 57 min.); Joselu (Guidetti, 80 min.) eta Deyverson (Lucas Perez, 57 min.).
Golak: 1-0, Isak (40. min); 2-0, Isak (48. min); 3-0, Isak (63. min); 4-0, Portu (73. min).
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.