Lan osasuna

Jaurlaritzak 400.000 euro ordaindu beharko dizkio San Mamesen hildako ertzainaren familiari

Duela hiru urte hil zen, tronboenbolismo baten eraginez, Athleticen eta Moskuko Spartaken zaleen arteko istiluetan. Agenteak osasun arazoak eduki arren, Ertzaintzak ez zion lanaldia egokitu, auzitegiak ebatzi duenez.

Athleticen eta Spartaken zaleen arteko istiluen une bat. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Edu Lartzanguren.
2021eko otsailaren 22a
09:48
Entzun

EAEko Auzitegi Nagusiak berretsi egin du Bilboko Gizarte Arloko Auzitegiak aurretik emaniko ebazpena. Eusko Jaurlaritzak 400.000 euroko kalte ordaina eman beharko dio Inocencio Alonso ertzainaren sendiari.

2018ko otsailaren 22an hil zen Alonso, gaur duela hiru urte, Athleticen eta Spartaken partidaren aurretik San Mameseko zabalgunean gertaturiko istiluen erdian. Ertzainak 51 urte zituen, eta autopsiak ondorioztatu zuen tronboenbolismo baten eraginez hil zela. Lankideek salatu zutenez, agenteari ebakuntza bat egina zioten, eta, halere, ordu luzeko lanaldiak egiten jarri zuten hil aurretik. Ertzaintzaren Brigada Mugikorreko kidea zen Alonso.

EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi duenez, Segurtasun Sailak ez zuen «aurreikusteko lanik» egin, eta «irizpide orokorrak erabili zituen, langilearen egoera bereziari jaramonik egin gabe».

Izan ere, bi urte lehenago giltzurrun bat kendu zioten, eta 2017ko uztailera arte ez zioten sendagiria eman. 2018ko otsailaren 19aren eta 22aren artean, hau da, hil aurreko egunetan, 62 ordu egin zituen lanean. 22an, 14 ordu jarraituko lanaldia egina zuen, lurrera ziplo erori aurretik.

Ebakuntzaren ondoren, bitan azaldu zion Alonsok bere egoera Segurtasun Saileko prebentzio zerbitzuari: ebazpenaren arabera, hitzez eta idatziz eman zion bere osasunaren berri 2017ko otsailean eta apirilean. Beste hitzordu bat ezarri zioten, baina ez zen bilerarik egin, eta ertzaina lanean jarri zuten. Irailean tronbo bat atzeman zioten. Beste tratamendu bat jarri zioten 2018ko urtarrilean.

Hil baino bi egun lehenago egon zen, azken aldiz, erietxean. Ebazpenak nabarmendu duenez, polizian 27 urte igaro arren, Ertzaintzak «11 osasun azterketa» baino ez zizkion egin, eta, azkena, hil baino hamar urte lehenago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.