Afrika

Italiaren Kongoko Errepublika Demokratikoko enbaxadorea hil dute

Luca Attanasio eta karabinero bat erail dituzte NBEren konboi baten aurkako eraso batean, Ipar Kivun, Italiako Atzerri Ministerioak jakinarazi duenez.

Monuscoren ibilgailu bat, iazko irudi batean. PATRICIA MARTINEZ / EFE
2021eko otsailaren 22a
13:31
Entzun

Italiaren Kongoko Errepublika Demokratikoko enbaxadore Luca Attanasio eta karabinero bat hil dituzte NBE Nazio Batuen Erakundearen konboi baten aurkako erasoan, Italiako Atzerri Ministerioak jakinarazi duenez. Bahiketa saiakera batean gertatu da, Ipar Kivuko Kanyamahoro herriaren inguruan.

Attanasio eta karabineroa Monusco Kongoko Errepublika Demokratikorako Nazio Batuen Misioaren konboi batean zihoazen erasotzaileak agertu direnean. «Eraso basati honen nondik norakoak oraindik ez ditugu ezagutzen. Gertaturikoa argitzeko, ahaleginik xahutu gabe arituko gara», adierazi du Luigi Di Maio Italiako Atzerri ministroak.

Virunga parke nazionalak, berriz, adierazi du beste pertsona bat ere hil dutela; ibilgailuaren gidaria litzateke. Oraingoz, inork ez du bere gain hartu erasoa, eta agintariek ez dute zantzurik eman ustezko egilearen inguruan. Attanasio 2017tik zen Monuscoren burua, eta 2019tik bere herrialdeko enbaxadorea.

Parke nazionala Ipar Kivuren ekialdean dago —7.200 kilometro koadrokoa da—, Ruandako eta Ugandako mugetatik gertu. Talde armatu asko daude eremu horretan, eta erasoak ohikoak dira; iragan hilabetean, esaterako, gorilen sei basozain hil zituzten.

Gainera, Kongoko Errepublika Demokratikoko armadak 2014an hasi zuen lehen erasoaldi handia Ugandako ADF-NALU Indar Demokratikoen Aliantza-Uganda Askatzeko Armada Nazionala miliziaren aurka, eta, ordutik, milaka herritar desplazatuta bizi dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.