Ekialde Hurbila

AEBek Siria bonbardatu dute, lehen aldiz Bidenen agindupean

AEBetako presidenteak kargua hartu zuenetik agindu duen lehen aire erasoa da. Pentagonoaren esanetan, «Iranen babesa duten milizien» aurkako erasoa izan da. 22 miliziano hil dituzte, Siriako Giza Eskubideen Behatokiaren arabera, baina Siriako iturri militar batek esan du hildakoak lau direla.

AEBen esku hartzearen aurkako protesta, Bagdaden. MURTAJA LATEEF / EFE
Iosu Alberdi.
2021eko otsailaren 26a
09:41
Entzun

Ez du denbora asko behar izan Joe Biden AEBetako presidenteak bere lehen bonbardaketa agintzeko. AEBetako armadak Siriako hainbat eremuren aurkako aire erasoak egin ditu bart, «Iranen babesa duten milizien» kokaleku direla argudiatuta. Gutxienez 22 lagun hil dira bonbarardaketan, Siriako Giza Eskubideen Behatokiak zabaldu duenez, eta zehaztu du denak Iranen aldeko milizianoak direla. Informazio hori gezurtatu du Efe berri agentziarekin hitz egin duen Siriako iturri militar batek. Haren arabera, AEBen erasoa inor bizi ez den inguru batean izan da, eta lau lagun hil dira; Iranen aldeko hiru «borrokalari» eta siriar soldadu bat.

Ohar baten bidez, Pentagonoko bozeramaile John Kirbyk adierazi du eraso egin dutela milizia horiek AEBetako eta nazioarteko koalizioko militarren aurka eginiko «erasoen» eta «mehatxuen» ostean: «Operazioak mezu garbi bat bidaltzen du: Biden presidenteak ekin egingo du AEBetako eta koalizioko langileak babesteko».

Washingtonek jakinarazi duenez, erasoen bidez Siriaren eta Iraken arteko mugatik gertu dauden «hainbat instalazio» suntsitu dituzte. Iturri berdinen arabera, kokaleku horiek, besteak beste, Irakeko Kataib Hezbollah eta Kaitib Sayyid al-Shuhada miliziek erabiltzen zituzten. CNNren arabera, «arma kontrabandorako». Kataib Hezbollah Irango Hezbollah miliziak Iraken duen adarra da. AEBek eta Europako Batasunak «erakunde terroristatzat» jotzen dute azken hori.

Kirbyren iritziz, erasoa «proportzionala» da, eta harekin batera hainbat neurri diplomatiko ere hartu dituzte. Hala, haren esanetan, nazioarteko koalizioko kideak erasoaren jakitun ziren. Era berean, helburua «Siria ekialdeko eta Irakeko egoera orokorra deseskalatzea» dela esan du. Izan ere, AEBek Bagdaden duten enbaxadari eraso zioten astelehenean. Bi katiuxa suziri jaurti zituzten, eta eraikinaren kanpoaldea jo zuten, eremu berdean. Eremu hori hiriko ingururik seguruentzat jotzen da, eta han daude Mendebaldeko estatuen eraikin nagusiak. Han egindako erasoen atzean, talde paramilitar txikiak egon ohi dira, baina, oraingo honetan, AEBek Kataib Hezbollah jo dute erruduntzat. 

Astebete lehenago, AEBetako soldadu bat eta kontratista militar bat ere zauritu zituzten Arbilen (Hego Kurdistan), hainbat suzirik hiriko aireportua jo baitzuten. Ez dira horiek AEBek eremuan dituzten indarren aurkako eraso bakarrak, gora egin baitute azken urtean. Horren arrazoia da, hain zuzen, iazko urtarrilean Donald Trump presidente ohiak Qasei Soleimani Irango Iraultzaren Zaindarien komandantea hiltzeko agindu izana. Bonbardaketa selektibo baten bidez egin zuten, Bagdadeko aireportuan, eta Irakeko alderdi politiko gehienen eta milizia xiiten haserrea eragin zuen. Haren hiletan ere milioika lagun atera ziren kalera. Izan ere, Estatu Islamikoaren aurkako gudako gizonik garrantzitsuenetako bat izan zen Soleimani, besteak beste.

Gainera, AEBen eta Iranen arteko harremanak erasanda daude Trumpen agintaldiaren ostean. Hark uko egin zion Teheranekin hitz egiteari, gainbegiratze nuklearrei eusteko itunaren inguruan. Islamiar Errepublikak, berriz, behin eta berriz adierazi du AEBek zigor ekonomikoak kentzea ezinbestekoa dela itun horretara itzultzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.