TXIRRINDULARITZA

Osasun egoerara egokitu dute aurtengo Euskal Herriko Itzulia

Apirilaren 5ean hasiko da, Bilbon jokatuko den erlojupeko batekin, eta 10ean amaituko da, Arraten. Antolatzaileek zaleei eskatu diete ez biltzeko Itzuliaren inguruetan. 

Ion Izagirre, Itzuliaren podiumean, duela bi urte. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Julen Etxeberria.
2021eko otsailaren 26a
11:58
Entzun

Koronabirusaren pandemiak eragindako osasun egoerak bertan behera utzi zuen iaz Euskal Herriko Itzulia. Aurten, ondo bidean, jokatu egingo da, apirilaren 5etik 10era, baina ezinbestean egongo da osasun egoerara egokitua. Lehenik eta behin, ikuslerik gabe jokatuko da aurreneko aldiz. «Tristea eta ezohikoa izango da. Ikuskizun ederra ikusi ahal izango da telebistaz, baina saltsa faltako da, txirrindularitzazaleak faltako dira mendateetan. Mesedez eskatzen diegu ez agertzeko», esan du Julian Eraso Euskal Herriko Itzuliko zuzendariak, gaur, ibilbidearen aurkezpenean.

Horren harira, Erasok azpimarratu du UCI Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunarentzat «obsesioa segurtasuna» dela. Horregatik, protokolo «zorrotzak» ezarriko dituztela azpimarratu du. Hala, hiru burbuila egingo dituzte: txirrindulariak eta taldeetako kideak egongo dira aurrenekoan; haiengandik gertu egon daitezkeenak bigarrengoan; eta ordezkariak eta bestelakoak hirugarrengoan. 

Ibilbidea ere egokitu behar izan dute. Hala, buelta eman diote lasterketaren zentzuari. Bilbon amaitu beharrean, han hasiko da. Ez da aldatuko, ordea, erlojupeko bat jokatuko dela aurreneko egunean. Baina zenbait aldaketa egin dituzte ibilbidean; nagusia laburragoa izango dela: 21,1 kilometrotik 13,9ra murriztu dute. Begoñako santutegian hasiko da, eta Etxebarria parkean amaituko da. Lehen aldeak egongo dira, aldapa gogorrak igo beharko baitituzte, %19koak.

Bigarren etapa ere berria da, eta Bizkaian jokatuko da osorik: Zallan hasiko da, eta Sestaon amaituko da. 154,8 kilometroko ibilbidea izango du, eta hiru mendate igoko dituzte: Hirugarren Mailako San Kosme eta Bezi, eta Bigarren Mailako La Asturiana. Horren gailurra helmugatik hamabost kilometro eskasera dago.

Hirugarren etapa, ordea, iaz jokatu behar zen berbera da. Amurrion (Araba) hasiko da, eta Ermualdeko gainean amaituko da, 167,7 kilometro egin eta gero. Hiru kilometro ditu igoerak, baina %17ko eta %20ko zatiak ditu.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan bakarrik

Laugarren etapa ere berria da. Gasteizen hasiko da, eta Hondarribian amaituko da, 189,2 kilometro egin ondoren. Gipuzkoako herri horrek hartuko die lekukoa Ibardini eta Berari. Hain zuzen, aurtengo ekitaldia ez da Nafarroatik pasatuko. Ezta Ipar Euskal Herritik ere. Hala, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan bakarrik jokatuko da. Erasok azaldu duenez, saiatu dira, baina ez dute lortu. Laugarren etapa honen amaierak Donostiako Klasikoaren itxura izango du, Jaizkibel eta Erlaitz igoko baitituzte. 

Bosgarren etapa ere berria da. Hondarribian hasiko da, eta Ondarroan amaituko da. Bizkaiko herri horrek Errenteriak (Gipuzkoa) utzitako lekua beteko du. Aurrera futbol taldeak ehun urte bete ditu aurten, eta hori aprobetxatu nahi izan dute. 160,2 kilometroko etapa da, eta txirrindulariek Hirugarren Mailako hiru mendate igoko dituzte.

Azken etapa, berriz, Ondarroa eta Arrateko Santutegiaren artean jokatuko da. Etapa laburra da, 111,9 kilometrokoa, baina oso gogorra. Zazpi mendate igo beharko dituzte: Lehen Mailako hiru (Azurki, Krabelin eta Usartza), Bigarren Mailako bat eta Hirugarren Mailako hiru.

Ion Izagirrek (Astana) irabazi zuen duela bi urte Itzulia. Ormaiztegiarrak begiz jota du proba, baina aurkari benetan indartsuak izango ditu: Tadej Pogacar (UAE), Primoz Roglic (Jumbo) eta Mikel Landa (Bahrain), besteak beste. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.