Erakunde publikoak

Grebara deitu dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sektore publikoan apirilaren 22rako

Langile publikoek pairatzen dute behin-behinekotasun tasa handia salatu nahi dute, eta hilabete honetan hasiko dira mobilizazioekin.

Donostiako ospitaleko langileen protestaldi bat. IMANOL MAGRO EIZMENDI
Imanol Magro Eizmendi.
2021eko martxoaren 1a
12:55
Entzun

ELA, LAB, CCOO, SATSE, STEILAS eta ESK sindikatuek grebara deitu dituzte Araba, Bizkai, eta Gipuzkoako langile publikoak apirilaren 22rako. Euskal administrazioan diharduten langile publiko askoren behin-behinekotasun tasa salatu nahi dute protesta horren bidez. Deitzaileen ustez, egoera «gero eta kezkagarriagoa» da, eta behin-behinekotasuna,  «onartezina». ELA sindikatuak urtarrilean jakinarazi zuenez, eta bere kalkuluen arabera, langile publikoen %40k ez dute kontratu finkorik, «50.000k baino gehiagok». 

Greba deialdi baten zurrumurruak asteak zeramatzan bueltaka, eta sindikatuek gaur baieztatu dute. Grebaren bitartez, negoziazio kolektiboa indartu dadila nahi dute, eta erakunde guztiei egiten diete dei, «Jaurlaritzatik hasi eta herri txikieneko udaleraino». Kontratazioan behin-behinekotasuna gehiegikeriaz erabiltzen dela sinetsita daude, eta horren atzean zerbitzu publiko ugari pribatizatzeko asmoa dagoela. «Bide horretan, azken urteotan pribatizatuz joan diren zerbitzu publikoak kontaezinak dira, eta horietako asko ezinbestekoak dira bizitzari eusteko», kritikatu dute deitzaileek. 

Horiek hala, grebara deitu dute apirilaren 22rako, baina mobilizazioak martxoaren 17an hasiko dira. Egun horretan elkarretaratzeak egingo dituzte Eusko Jaurlaritzak Lakuan duen egoitzaren aurrean, Gasteizen; Bizkaiko Foru Aldundian, Bilbon; eta Donostiako udaletxean. Horiez gain, mobilizazio gehiago antolatzeko asmoa dute. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.