Albistea entzun

Sindikatuak mobilizatzeko prest dira enplegu publikoa egonkortu dezaten

ELAk iragarri du sindikatuak protesten egutegi bat adosteko bidean direla. Behin-behineko kontratuarekin ari diren milaka langile publikoren beharra bermatzeko helburua lukete mobilizazioek
Langile publikoak behin-behinekotasunaren aurkako protestak egiten hastekoak dira.
Langile publikoak behin-behinekotasunaren aurkako protestak egiten hastekoak dira. JUANAN RUIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Xabier Martin - Jokin Sagarzazu -

2021eko urtarrilak 6

Euskal administrazioan diharduten milaka langile publikoren behin-behinekotasunaren arazoa inoiz baino gehiago ikusten ari da pandemiak eragindako muturreko egoeran. Arazo horrek izen-deiturak ditu: Europako administrazioen artean, behin-behinekotasun tasarik handiena (ia %40). ELA sindikatuak aspaldian salatu du «50.000 langile baino gehiago» daudela behin-behineko kontratuekin beharrean euskal administrazioen zerbitzu publikoetan, gehienak Osakidetzan. Bada, administrazioan ordezkaritza gehien duen sindikatuak iragarri du prest dela «mobilizazioen egutegi bat» lantzeko gainerako sindikatuekin, eta dagoeneko hasi direla harremanak sindikatuen artean.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako administrazioan enplegua egonkortzeko helburua lukete protestek. ELAk ez du aurreratu lanuztek, greba edota manifestazioetara deituko ote duten, baina, mobilizazioen diseinuan aurrera egiteko, urtarrilaren 11n bilduko dira berriro sindikatuak, Bilbon. Nafarroako administrazio publikoan ere arazo handia da behin-behineko kontratuena administrazioan; EAEren atzetik, tasarik handiena dutenetan bigarrena da Nafarroa (%38,4).

Mitxel Lakuntza idazkari nagusi duen sindikatuak gogorarazi du urteak daramatzala salatzen administrazioko hamar langiletik lau aldi baterakoak direla, eta «[Espainiako] Estatu osoko eta Europako behin-behinekotasun tasarik handiena» duten lurraldeak direla Hego Euskal Herrikoak. Sektore publikoan, zehazki, Osakidetzan, hezkuntzan, gizarte zerbitzuetan, eta toki eta foru administrazioan, %40 inguruan dago langileen behin-behinekotasun tasa, eta Europako epaitegiek ohartarazi diote Eusko Jaurlaritzari egoera horri konponbidea eman behar diola. Behin-behineko kontratazioari «gehiegizko erabilera» ematen diola zehaztu du.

Bada, ELAk salatu du «ez Eusko Jaurlaritzak, ez estatuak, ezta euskal alderdi politikoek ere», ez dutela «benetako urratsik» egin behin-behineko kontratuen gehiegizko egoera hori aldatzeko, «nahiz eta azken urteotan egindako mobilizazio eta greba guztietan behin eta berriro eskatu dugun egoera hori pairatzen duten langileen enplegua finkatu behar dela». Kontratu finko baten zain dauden milaka langileren artean badira hiru edota bost urteko ibilbidekoak, baina baita 30 urtez lanpostu finko bat eduki gabe aritu direnak ere.

Urrats batzuen hastapena

Azken hilabeteetan, Espainiako Gobernuak asmoa agertu du Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutua aldatzeko eta sektore publikoaren behin-behinekotasuna amaitzeko neurriak hartzeko. ELAren ustez, horrek ahalbidetu behar luke Euskal Herrian ere egoera hori pairatzen duten langile publikoen enplegua bermatzea.

Eusko Jaurlaritzak ere Kidegoen eta Eskalen Legea aldatzeko egitasmo bat aurkeztu zuen abendu hasieran. Horren arabera, lan eskaintza publikoetan baldintza zehatz batzuk betetzen dituzten behin-behineko langileek ez lukete oposizio proba osoa egin beharko. ELAk «erabat arbuiatu» zuen egitasmoa Lakuak hura plazaratu zuenean; «adabaki bat» zela esan zuen, argudiatuta horrek ez duela konponduko sektore publikoan dagoen behin-behinekotasun tasa handia. Tasa horrek goia jo du Jaurlaritzako egoitza nagusiko langileen artean, %60tik gorako portzentajearekin. ELAk azpimarratu du sektore pribatuan baino hamazazpi puntu gehiago duela behin-behinekotasunak sektore publikoan; lehenean, %23 da, eta, bigarrenean, %40 kasik. Sindikatuaren ustez, kopuru horren atzetik, «prekaritatearen aldeko apustu politikoa» dago. ELAk dio egiturazko lanpostuak aldi baterako kontratuekin estaltzen direla, eta hori zerbitzu publikoak pribatizatzeko helburua duen estrategia baten parte dela.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Lan merkatuan ere nabaritu da urtarrileko aldapa

Lan merkatuan ere nabaritu da urtarrileko aldapa

Jokin Sagarzazu

Lanbidek eta Lansarek abenduan baino 2.495 langabe gehiago erregistratu dituzte, ia denak emakumeak. Gizarte Segurantzak 12.237 afiliatu galdu ditu hilabete batetik bestera

Sindikatuen banderak Hezkuntzako langileen manifestazio batean, iragan azaroan. ©Marisol Ramirez / Foku

ELA garaile hauteskundeetan, azken urtean indarra galdu arren

Iker Aranburu

Mitxel Lakuntzaren sindikatuak Hego Euskal Herriko ordezkaritzaren %36,08 dauka. Oso atzean ditu CCOO (%19,99) eta LAB (%18,95), baina hori da 2018ko azken epealdi trinkotik ordezkaritza handitu duen bakarra.

Christine Lagarde EBZko presidentea, gaur. ©FRIEDEMANN VOGEL / Efe

EBZk %3ra igo ditu interesak, eta martxoan %3,5era iristeko asmoa du

Iker Aranburu

Eurogunea atzeraldian ez sartzeak eta inflazioa jaisteak ez du banku zentrala iragarritako bidetik atera. Interes tasak mugatik «urrun» daudela esan du Lagardek

Carolina Perez Toledo Cebekeko presidentea eta Fancisco Azpiazu idazkari nagusia. ©Monika Del Valle / FOKU

Cebekek enpresen lehiakortasuna handituko duen zerga erreforma bat eskatu du berriz

Imanol Magro Eizmendi

Bizkaiko patronala «absentismo» handiaz kezkatuta dago, baina onartu du langileen zahartzeak eragina duela.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...