Telesailak

Netflixeko telesail batean estatu independente gisa irudikatu dute Euskal Herria

Etorkizunean girotuta dago telesaila, eta hondamendi latz baten ondorioz garatutako distopia bat du oinarri. Hondamendiaren ostean tribu ugari sortu dira, eta horietako bat da Euskal Herria.

'Tribes of Europe' telesailaren fotograma bat. TRIBES OF EUROPE
2021eko martxoaren 1a
13:09
Entzun

Hondamendi global baten ondorioz guztiz aldatu da Europa, eta, Europarekin batera, iraganean bere parte izan ziren herrialdeak. Tribu bihurtu dira herrialdeak; ofizialtasuna zuten herrialdeak, baina baita ofizialtasunik lortu ez zuten herrialdeak ere. Horixe da Tribes Of Europa telesailaren funtsa. Etorkizunean girotuta dago, 2074. urtean, eta hondamendi latz baten ondorioz garatutako distopia bat du oinarrian. Testuinguru horretan, Europaren patu hori aldatzeko lanean ari dira hiru anai, tribuen gidaritza horrekin hautsi eta elkarren aurka dauden «mikroestatu» horiek amaiarazteko.

Noticias de Navarra egunkariaren arabera, askotariko tribu horietako bat da Euskal Herria. Telesailean estatu independente gisa irudikatu dute, itzalaldi energetiko eta teknologiko baten ostean jaio zen tribu independente gisa. Europako Batasunaren zatiketa da hondamendi horren ondorio nagusi, eta, horren harira, «mikroestatu» deituriko tribuetan banatu dira herritar guztiak. Askotarikoak dira tribuok, eta sortzaileen esanetan, «sinesmen eta identitate propioak» dituzte.

Alemanian sortu eta ekoitzi dute filma, eta herrialde hori bera da telesailean agertzen diren inguru askotarikoetako bat. Hondamendiak erabat suntsitu duen Alemania bat marraztu dute ekoizpenean, eta herrialdearen batasuna hautsita, tribuak dira nagusi. Origins, Crimson edo Femen tribuak dira horietako zenbait, eta sinesmen eta helburu ugari dituzte.

Alemania zaharretik harago, baina, badira beste hainbat tribu, horien artean, Euskal Herria irudikatuko lukeen tribu bat. Noticias de Navarra egunkariaren arabera, hirugarren atalean aipatzen da lehenengo aldiz tribu hori, flandriar baten ahotan. Merkatari gisa bidaiatzen duela aipatzen du pertsonaiak, eta beste hainbaten artean, «Euskal Herria» eta «Hegoaldeko Erresuma» tribuen lurraldeak zeharkatu dituela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.