Langabezia

441 langabe gutxiago daude Hego Euskal Herrian

Berriz ere Nafarroan jaso dira zifrarik txarrenak: otsailean lurralde horretan soilik egin zuen gora langabeziak. 46.594 langilek jarraitzen dute aldi baterako erregulazioan

Nafarroako Lansareren bulego bat. IñIGO URIZ (FOKU)
jokin sagarzazu
2021eko martxoaren 2a
10:26
Entzun

Arnas pixka bat hartu du lan merkatuak. Joan den otsailean, 441 langabe gutxiago zenbatu zituen SEPE Espainiako Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak Hego Euskal Herrian, eta, guztira, 172.014 pertsona daude izena emanda enplegu bulegoetan. 

Ohi bezala, urtarrila hilabete zaila izan zen enplegu sorrerari dagokionez, eta gora egin zuen langabeziak, zerbitzuetan bereziki, Gabonetako kanpainaren amaieragatik. Otsaila hilabete dinamikoagoa izaten da, enplegua sortu ohi da, eta aurten ere hala izan da. Iazkoaren oso antzekoa izan da igoera, baina 2020ko otsaileko datuekin alderatuta, Hego Euskal Herrian 20.800 langabe gehiago daude.

Lurraldeei erreparatuta, otsaileko datuek berretsi egin dute azkenaldian nabarmentzen ari den joera bat: txarrenak Nafarroak eman ditu. Lurralde horretan soilik egin du gora langabeziak: 1.261 gehiago. 42.986 langabe daude. 

Azken urtean langabe kopuruak %26,5 egin du gora lurralde horretan, beste hiru lurraldeetan baino nabarmen gehiago: %9,4 igo da urtebetean.

Horietan behera egin du langabeziak otsailean. Bizkaian, 805 pertsona gutxiago daude lanik gabe: 72.774 pertsona; Gipuzkoan, 576k utzi dute zerrenda hori, eta 34.399 daude; eta Araban, 321 gutxiago daude, eta 21.855 guztira.

Biztanleria aktiboaren inkestan ere Nafarroak eman ditu daturik okerrenak. Datuok bitxitasun bat erakusten dute, iaztik lurralde horretan besteetan baino gutxiago jaitsi baita barne produktu gordina: %8,3 Nafarroan, eta %9,5 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. 

Aldi baterako erregulazioak, gora

Koronabirusak eragindako krisi ekonomikoa aspaldi ikusi gabeko datuak ari da uzten. Langabeen kopurua handiagoa ez bada, enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteengatik da. Espainiako Gizarte Segurantzako Ministerioaren arabera, otsailaren amaieran 46.594 pertsona zeuden aldi baterako langabezian edo lanaldi murriztuarekin. Urtarrilaren amaieran baino gehiago 6.712 dira. 

Espedienteek goia jo zutenean, 230.000 langile izan ziren egoera horretan; apirilean izan zen hori, konfinamenduaren asterik gogorrenetan. Ondoren, hilabetez hilabete kopurua gutxituz joan zen, jarduera ekonomikoa leheneratu ahala. Urrian, 25.000 besterik ez ziren, baina orduan, goranzko joera hartu zuen berriro, batez ere ostalaritzari jarritako debekuek haien jarduera asko mugatu zutenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.