Ikus-entzunezkoak

‘Erraiak’ dokumentala munduko 40 tokiko telebistatan emango dute

Irrintziari buruzko lanak hogei sari jaso ditu nazioarteko jaialdietan. Filmin ordainpeko plataforman ikus daiteke, euskaraz (Hego Euskal Herrian). World Distribution Award lehiaketako sariak emango dio aukera munduko berrogei katetan emateko.

Ekain Martinez de Lizardui. MARISOL RAMIREZ / FOKU
urtzi urkizu
2021eko martxoaren 2a
10:38
Entzun

Euskal Herriko irrintziari buruzko dokumental bat da Erraiak: arbasoen oihartzuna, ordu erdikoa, Ekain Martinez de Lizardui irakasle eta antropologoak sortua. Hark zuzendua eta ekoitzia, Arteman agentziaren laguntzarekin. Euskal Herrian proiekzio bira bat egin zuen, 40-50 herritan eman, eta iazko martxoko konfinamendua baino bi egun lehenago egin zuten azkena. «Pentsatu nuen hor amaituko zela lanaren bidea. Baina jaialdien bidea hasi zen, Filmin plataforman jarri zuten, eta orain bizi-bizi dago», esan du Martinez de Lizarduik. Nazioarteko jaialdietan hogei sari irabazi ditu. Eta azken sariak, World Distribution Award lehiaketakoak, aukera emango die mundu zabaleko berrogei telebista kateri filma emateko.

Lehiaketa horretako antolatzaileek eskatu zioten zuzendariari lana bidaltzeko. «Sariarekin, ezustekoa hartu dut. Telebista sare batean zabaltzen dituzte lan sarituak, eta tokian tokiko hizkuntzetara egokitu beharko dute lana. Sekulako aukera da euskal irrintzia mundu zabalean zabaltzeko». Sare horretan daude herrialde hauetako telebistak: Alemania, Txekiako Errepublika, Eslovakia, Serbia, Italia, Ingalaterra, Eskozia, Gales, Ipar Irlanda eta Hego Afrika. Berrogei kate horien artean, dozena bat dira Eslovakiakoak.

Dokumentalaren zuzendariak aitortzen du ez dela ikus-entzunezkoen munduan aditua, ez aritua. «Ez dakit dokumentalen bizitza zenbatekoa den. Baina nazioarteko bidea Montevideoko jaialdiarekin hasi zen, han aurkeztu eta saria irabazi nuenean». Gero, beste plataforma batzuk ezagutu zituen jaialdietan lanak bidaltzeko. Erraiak sariak pilatzen joan da orduz geroztik. «Iritsi zen une bat non jaialdietatik zuzenean deitzen ninduten filma bidaltzeko eskatzeko», esan du Martinez de Lizarduik. Indiatik eskatu diote azkenekoa. Azkeneko urtean, harremana izan du zuzendariak makina bat jaialditako epaimahaietako kideekin. «New Yorkeko epaimahaiko kideek esan zidaten negarrez amaitu zutela lana ikusten. Esango nuke irrintziak uste dugun baino gehiago komunikatzen duela. Bidaia bat egiten du gure sustraira, gure animalia izaerara. Ukitzen du zerbait».

Bihar, Arrasaten
Hego Euskal Herrian, Filmin ordainezko plataforman ikus daiteke egun Erraiak lana, euskarazko audioarekin (azpidatzien aukera dago gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez). Proiekzioak ez dira amaitu, bidenabar: bihar, Arrasateko Kulturaten (Gipuzkoa) emango dute, 19:00etan, eta solasaldia egingo dute zuzendariarekin. Laster, Mañarian ere (Bizkaia) proiektatuko dute. Zuzendariak deiak jasotzen jarraitzen du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.