Myanmar

Junta militarraren aurkako parlamentariak gobernu berria osatzen hasi dira

Parlamentari talde batek lau ministro izendatu ditu, eta adierazi Win Myint presidenteak eta Aung San Suu Kyi Estatu idazkariak euren karguan jarraituko dutela. Armadak 30 lagun baino gehiago hil ditu protestetan.

Junta militarraren aurkako protestak, Yangon hirian. NYEIN CHAN NAING / EFE
Iosu Alberdi.
2021eko martxoaren 3a
12:34
Entzun

Otsailaren 1ean zen egitekoa legealdi berriari hasiera emateko ekitaldia Myanmarren, baina militarrek egun hura baliatu zuten estatu kolpea hasteko. Lehen pausoetako bat Gobernuko kide gehienak atxilotzea izan zen. Besteak beste, Win Myint presidentea eta Aung San Suu Kyi liderra espetxeratu zituzten. Egun hartan karguaren zina egin behar zuen parlamentari talde batek, ordea, CRPH Batasunaren Biltzarreko Ordezkarien Batzordea eratu du, eta gobernu berri bat osatzeko saiakera hasi du, kolpea egin eta hilabetera. Oraingoz, lau ministro hautatu dituzte: besteak beste, Atzerri Ministerioaren buru izango dena. Bien bitartean, kolpearen aurkako protestei bortxaz erantzuten jarraitzen dute militarrek: bart, beste bederatzi manifestari hil dituzte.

CRPHko kideek azaldu dutenez, egun militarren zaintzapean dauden Win Myintek eta Aung San Suu Kyik euren karguetan jarraituko lukete. Azken hori, de facto gobernuko liderra izan arren, Estatu kontseilaria da, herrialdeko Konstituzioak ez baitu onartzen familia atzerritarra duen inor presidente izatea.

Aldaketak egongo lirateke, ordea, beste hainbat goi kargutan.  Presidentetzako ministro gisa, Lwin Ko Latt hautatu du batzordeak; Finantza eta Industria ministro, Tin Tun Naing; Lan, Hezkuntza eta Osasun Ministeriorako, Zaw Wai Soe, eta Atzerri Ministerioa gidatzeko, berriz, Zin Mar Aung . Azken horrek jokatu dezakeen rolak berebiziko garrantzia izan dezake nazioartearen laguntza eskuratzeko garaian.

Kolpearen aurkako parlamentariek emandako pausoa, baina, ez da junta militarrak irekita duen fronte politiko bakarra. Estatuak NBE Nazio Batuen Erakundean duen ordezkari Kyaw Moe Tun hasieratik agertu zen kolpearen aurka, eta ostiralean, NBEren Asanblada Orokorrean eginiko hitzaldian, gobernu militarraren aurkako neurriak eskatu zituen. Ordutik, militarrak hura ordezkatzen saiatzen ari dira, eta asteburuan sinatu zuten haren kargugabetzea. Hala jakinarazi zioten NBEri, azalduta enbaxadorearen albokoak hartuko duela behin-behinean kargua. Kyaw Moe Tunek, baina, ez du erabakia ontzat jo, eta Myanmarren ordezkari legitimoa dela berretsi du erakundeari bidalitako gutun batean.

NBEren Idazkaritza Nagusia gaia aztertzen hasi da, baina oraindik ez du erabakirik hartu. «Ezohiko egoera baten aurrean gaude, denbora askoan ikusi ez duguna. Legezko protokolo guztiak eta bestelako inplikazio motak aztertzen ari gara», azaldu du Stephane Dujarric bozeramaileak. Idazkaritzan bakarrik ez, Segurtasun Kontseiluan ere tratatuko dute Myanmarko egoera, aste honetan. DPA albiste agentziaren arabera, litekeena da bilera ostiralean egitea.

Halere, junta militarrak jaso ditu nazioarteko lehen presioak. Asteartean, ASEAN Asiako Hego-ekialdeko Nazioen Erkidegoko kideen arteko bileran, Filipinetako, Indonesiako, Malaysiako eta Singapurko Atzerri ministroek herrialdeko krisi politikoari konponbide bat bilatzeko elkarrizketak abiatzeko eta politikari presoak askatzeko eskatu zioten junta militarrak hautatutako Atzerri ministro Wunna Maung Lwini. Horrez gain, aipatutako herrialdeetako Atzerri ministroak manifestarien aurka arma hilgarriak erabiltzearen aurka agertu dira, eta «biolentzia eta heriotza gehiago egotea ekiditeko berehalako pausoak» exijitu dituzte.

Altxamendu militarra gertatu zenetik, milaka lagun atera dira kolpea salatzera, herrialde osoan antolatutako protestetan. Armadak gogor erantzun die, eta 1.200 laguninguru atxilotu ditu. Zaurituak dozenaka zenbatzen dira, eta hildakoak ere 30etik gora; bederatzi —besteak beste, bi adingabe— herenegun eginiko protestetan. Horietako gehienak munizio errealarekin eginiko jaurtiketen eraginez hil dira. Efe albiste agentziak jakinarazi duenez, adingabekoetako bati burura egin zioten tiro. Protestak desegiteko asmoz, negar gasa, gomazko balak eta granada itsutzaileak ere erabili dituzte.

Myanmarko armadak ustezko hauteskunde iruzurra argudiatu zuen kolpea emateko, Aung  San Suu Kyik gidatutako NLD Demokraziarako Liga Nazionalak bozak aise irabazi ostean, bigarrenez jarraian. Hala, junta militarrak Myanmarko Konstituzioaren 417. artikulua baliatu du altxamendua defendatzeko. Haren arabera, militarrek botere politikoan esku hartzeko aukera dute «Myanmarko Batasunaren suntsitzea gerarazteko».

Konstituzioa armadak berak idatzia da, 2008an. Izan ere, ez da herrialdeko militarrek boterea bereganatzen duen lehen aldia. 1962tik 2011ra bitartean ere junta militar batek gidatu zuen Myanmar.

Aung San Suu Kyi jomugan

NLDko liderra berriz gobernura iristea eragotzi nahi du junta militarrak, kosta ahala kosta. Helburu hori betetzeko asmoz, astelehenean «istiluetara bultzatzeaz» eta «beldurra eragiteaz» akusatu zuten. Aurrez, inportazio eta esportazio legeak hausteaz eta hauteskunde kanpainan koronabirusaren aurkako neurriak ez betetzeaz ere akusatu zuten.

Hala, hainbat hedabideren arabera, junta militarrak elkarrizketak hasi ditu zenbait alderdi politikorekin, hauteskunde berriak prestatzen hasteko asmoz. Besteak beste, Elkartasunerako eta Garapenerako Batasunaren Alderdiko kideekin batu dira. Armadaren beso politikotzat hartua da alderdi hori. Kanpoan utzi dute, ordea, NLD, azken bozetan botoen %80 eskuratu zituen arren. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.