Teknologia

Euskal Herriko zenbait pertsonaia animatu dituzte adimen artifizialaren bidez

Besteak beste, Txirrita, Elbira Zipitria, Sabino Arana, Jon Mirande eta Bilintx ikus daitezke.

Edu Lartzanguren.
2021eko martxoaren 4a
14:46
Entzun

«Bideo batean agertzen den pertsona baten irudia beste batekin ordezkatzeko gai diren sistemak garatzen hasi dira. Horrek aukera emango luke edizio askorik egin gabe bideo bat editatu eta bertan agertzen den pertsona bat, adibidez, beste batekin ordezkatzeko; deep fake, faltsutze sakona deitzen hasi zaio horri». Hala deskribatu zuen teknika Gorka Julio teknologietan adituak BERRIAn argitaraturiko Faltsutze sakona zutabean.

Hainbat plataforma adimen artifizialean oinarrituriko teknologia denon esku jartzen ari dira azken hilabeteotan. Horietako azkenak faltsutze hitza baztertu du, eta nostalgia gehitu dio: izan ere, Deep Nostalgia-k aukera ematen du argazki zahar (edo berri) bat hartu eta irudian agertzen den pertsonari mugimendua emateko. Askoren arabera, badu zerbait beldurgarria, aukera ematen duelako aspaldi hildako pertsonak eta bakarrik argazkien bidez ezagutzen direnak inoiz baino biziago ikusteko, nolabait.

MyHeritage konpainiak jarri du aplikazioa sarean. Izena eman ondoren, edonork jar dezake edozein erretratu aplikazioan, eta sistemak mugimendua eta keinuak gehituko dizkie horietan agertzen direnei. Aski naturala izaten da emaitza, ez bada irudietan agertzen diren bizarren edo betaurrekoen kasuan. Horren inguruan, Sakon zutabea idatzi du gaur Angel Errok BERRIAn.

Beñat Sarasola idazleak Jon Mirande lankidea proposatu du.

Jon Maia Soriak, Lauaxeta.

Txirrita.

Sabino Arana ikusi nahi izan dute Hiru Damatxo ekoiztetxekoek.

Elbira Zipitria andereño aitzindaria.

Bilintx bera.

Mundu osoan eduki du arrakasta aplikazioak. Horri esker antzeman ahal izan da nolakoak liratekeen hainbat pertsonaia historiko, zinemaren edo bideogintzaren garaian jaio izan balira; une batez, eta keinu txiki batez, sikiera.

Oscar Wilde.

Abraham Lincoln.

MyHeritage Interneteko plataforma bat da. Norbere zuhaitz genealogikoa eraikitzeko aukera ematen du, eta, horren bidez, modua eskaintzen du arbasoren bat partekatzen dutenekin harremanetan jartzeko. Gilad Japhet israeldarrak sortu zuen, 2003an. 90 milioi erabiltzaile baino gehiago ditu, eta horiek gutxienez 12.500 milioi agiri igo dituzte plataformara: besteak beste, izenak, jaiotze agiriak, argazkiak.

DNAren bidez zuhaitzak eraikitzeko eta norbere odolekoak aurkitzeko zerbitzu bat ere badu.

2018ko ekainean, ordea, segurtasun akats bat eduki zuen, eta konpainiak aitortu zuen 92 milioi erabiltzaile baino gehiagoren datuak sekretupetik atera zirela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.