Angel Erro.
JIRA

Sakon

2021eko martxoaren 4a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Euskaltzaindiari esklusiba eman nahi diot. Ingelesak eta inteligentzia artifizialak bultzatuta laster sakon adjektiboa nonahi agertzen hasiko da, hitz konposatuetako parte ere, aurrizki moduan, gaurko super-, mega- edo ultra-ren lekuan.

Deepfake izeneko teknika, hasieran bitxikeria gisan aurkeztu zitzaiguna, beldurgarri bihurtzen hasi da. Mundu guztiak hala dio. Tom Cruiseren itxura osoa duen norbait ikusi ahal izan dugu orain gutxi, bera izan gabe, hainbat bideo laburretan. Bera ez dela esan digutelako baizik ez dakigu ez dela bera. Erraza da begiztatzea teknikak izan ditzakeen erabilera maltzurrak. Momentuz pasadizo dibertigarritzat aurkezten zaigu. Sakon-engainatuak izateko bideak sakon-perfekzionatuta daude, eta erabili nahi dituenaren esku.

My Heritage plataforma genealogikoak Deep Nostalgia izeneko aplikazio bat abian jarri du, argazkietako pertsonei mugimendu apurra eta, itxuraz, bizitza laburra ere buhatzeko. Nostalgia sakonari deia egiten diote gehienok galdu dugun senideren batekin probatzeko bulkada izanen dugula jakitun, gure datuen truke. Dena den, sare sozialetan Jean Mirande, Txirrita edo Iñigo Urkullu dira ohiko zurruntasuna utzita mugimenduan ikusi ahal izan ditugunak. Sakon-ikaragarria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.