Kontu ekonomikoak

Industriak eta eraikuntzak hazten amaitu zuten 2020. urtea

Udazkeneko murrizketek berriro txikitu dute zerbitzuen ekarpena Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Iker Aranburu.
2021eko martxoaren 5a
11:44
Entzun

Eustatek berretsi egin ditu urtarrilean aurreratutako datu makroekonomiko nagusiak. Hau da, 2020an, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomiak %9,5 egin zuela atzera eta enplegu galera ere oso handia izan zela (-%8,1).

Datu horiek zabaldu ditu gaur estatistika agentziak, eta, horietan ikusten denez, bilakaera ez da berdina izan sektore ekonomiko guztietan. Horrela, hiruhileko arteko tasan hazten bukatu zuten industriak eta eraikuntzak, haiengan ez zuelako eragin handirik izan udazkenetik aurrera hartu ziren neurri murriztaileek.

Industriak, esaterako, 2020ko bigarren hiruhilekoan galdutakoa (-%23,4) praktikoki berreskuratu zuen hirugarrenean (+%23,3), eta laugarrenean hazten jarraitu zuen (+%3,3). Urte arteko tasa negatiboa zuen oraindik ere 2020 amaieran (-%7,2), baina gero eta apalagoa.

Gauza bera esan daiteke eraikuntzari buruz: bigarren hiruhilekoan -%24 galdu ondoren, hurrengo bietan tasa positiboetara itzuli da —+%25,4 eta +%2,9—. Horrenbestez, baliteke 2021eko lehen hiruhilekoan jada urte arteko tasa positiboetara itzultzea, industria bezalaxe.

Egoera desberdina da zerbitzuetan. Tabernak eta jatetxeak hainbat astez ixteak, beste dendetan mugak jartzeak eta, oro har, joan-etorriak murrizteak erabat eten zuen suspertzea 2020. urteko azken hiruhilekoan. Udaberrian galdutakoa (-%14,9) udan berreskuratu ondoren (+%14,1), azken hiruhilekoan berriro txikitu zen ekonomiaren sektore inportanteenaren ekarpena (-%0,2). Murrizketa hori oso-osorik zor zaio merkataritzari, ostalaritzari eta garraioari (-%2,4), gainerako zerbitzuak parean edo gorantz doazelako.

Lurralde batetik bestera ez da alde handirik: Bizkaian %9,6 txikitu da BPGa; Araban, %9,5; eta Gipuzkoan, berriz, %9,3.

Gastu publikoa, gora

Eskariaren ikuspuntutik, sektore publikoa izan da ekarpena handitu duen bakarra: %4,5 gehiago 2020 osoan. Baina hori inondik ere ez da nahikoa izan konpentsatzeko familien kontsumoan (-%10,7) eta inbertsioan (-%11,6) izan den amiltzea. Gainera, kanpo sektoreak ez dio ohiko ekarpena egin hiru lurraldeetako ekonomiari, nazioarteko merkataritzak kolpe historikoa jasan baitu 2020. urtean: esportazioen ekarpena %17,1 txikitu da, eta inportazioena, %15,3 .

Alde horretatik, Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak aitortu du kudeaketan arazoak izan direla, baina ukatu egin du sektore kaltetuenak «babesgabe» egon direla, «Eusko Jaurlaritzak lehen egunetik onartu dituelako haien aldeko neurriak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.