Ekuador

Ekuadorko presidente Lenin Moreno bere alderditik bota dute

Herri Aliantzak «mugimenduaren gidaritza politikoa abandonatzeaz» akusatu du. Morenoren esanetan, berriz, alderdiak herritarren gainetik jarri ditu bere interesak. 

Lenin Moreno presidentea, artxiboko irudi batean. SHAWN THEW / EFE
Iosu Alberdi.
2021eko martxoaren 5a
13:02
Entzun

Ekuadorko AP Herri Aliantzak herrialdeko presidente Lenin Moreno alderditik kanporatzea erabaki du, «mugimenduaren gidaritza politikoa abandonatzeagatik». Moreno alderdiko presidentea zen gaur arte. Haren agintaldia amaitzeko 81 egun falta direla iritsi da erabakia. 

Alderdiak, komunikatu baten bidez, azaldu du zuzendaritzak asteazkenean jakin zuela Morenok militantziari uko egiteko eskaera aurkeztu zuela. APko zuzendaritza nazionalak, ordea, ez zuen onartu, haren aurka abian zen espedientea argitu gabe zegoelako. Gaur eman dute haren ebazpena: «Militate gisa kanporatzea erabaki du, eta, ondorioz, erakunde politikoan zuen kargutik kentzea». 

Zuzendaritzaren esanetan, Moreno «pare bat aldiz» bakarrik joan da alderdiaren biltzarretara azken lau urteetan. Horrez gain, salatu dute ez duela bete hura Ekuadorko presidente izatera eraman zuen gobernu plana, eta jokabide «ez-legitimoa» izan duela «boterea beste alderdi batzuetako ordezkarien artean banatuta».

Morenok garrantzia kendu dio gaur arte bere alderdia zenak eginiko adierazpenari. «Nola kanporatzen da jada joan den norbait?», galdetu du, bere Twitter kontutik. Sare sozial bera erabili du militantziari uko egiteko eskaera orriaren kopia bat zabaltzeko, otsailaren 26ko data duena. Alderdiak bere aurkako prozesua hasia zuen ordurako.

Presidenteak salatu du alderdiak herritarren gainetik jarri dituela barne interesak, eta bere «betebeharra» dela «herrialde guztiaren onurarako» lan egitea. Rafael Correa presidente ohiari ere eraso egin dio, haren gobernuaren «urte mingarriak» atzean utzi behar direla azpimarratuta. Correak sortu zuen AP alderdia, baina 2018an utzi zion militante izateari. Moreno presidenteorde izan zen haren azken agintaldian, baina, boterea eskuratu zuenetik, Correa gehien kritikatu dutenetako bat izan da. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.