Elezkano II-Zabaleta 19-22 Altuna III-Mariezkurrena II

Altunak eta Mariezkurrenak eutsi egin diote liderraren joari

Garaipenari esker, sailakapeneko lehen postuan berdinduta daude bi bikoteak. Neurketa osoan zehar aurretik joan dira Altuna eta Mariezkurrena, baina zail jarri diete Elezkanok eta Zabaletak.

Jokin Altuna, gaur, Eibarko Astelena pilotalekuan. ARITZ LOIOLA / FOKU
2021eko martxoaren 7a
19:52
Entzun

Galtzeko gutxi eta irabazteko asko zuten gaur Jokin Altunak eta Jon Mariezkurrenak. Binakako Txapelketako zortzigarren garaipena eskuratu dute Eibarko (Gipuzkoa) Astelena pilotalekuan, eta sailkapenean berdindu egin dute parean izan duten bikotearekin, Elezkano II-a eta Zabaletarekin. Ondo bidean, finalerdietan izango dira bi bikoteak, baina nor baino nor gehiago ibili dira gaur; azkenean, 19 eta 22 gailendu dira urdinak.

Neurketaren lehen erdian nagusi izan dira Altuna eta Mariezkurrena. Ondo hasi du lehia aurrelariak, Elezkanori ez dio jokoan parte hartzen utzi, eta Mariezkurrenak bikain baliatu ditu izan dituen aukerak. Gauzak zail jarri dizkio Zabaletari, eta hark ezin izan ditu aurkariak ezkerparetan sartu dizkion hainbat pilotakada eraman. Altunak ere min egin du sakez. Hala iritsi dira 6 eta 12kora arte.

Orduan esnatu da Elezkano. Aurrelariak ez ditu alferrik galdu izan dituen lehen aukerak, eta, ohartzerako, berdindu egin dute neurketa gorriek. Jarraian, partida berri bat hasi da. Erritmoa moteldu egin da, gogortu egin dira tantoak, eta huts gutxien egiten zituena gailentzen hasi da tantoetan. Orduan ere, urdinak nagusi. Ez dute amore eman Elezkanok eta Zabaletak, baina ez dute une batean ere aurretik jartzea lortu.

Tanto batzuetan, Zabaleta gailendu da piloteoan, baina ahal bezala eutsi diote Altuna-Mariezkurrenak. Binakako Txapelketako hamargarren jardunaldia amaitzeko neurketa bakarra falta da, bihar. Muskizen (Bizkaia), Olaizola II.a-Rezustak eta Urrutikoetxea-Imazek jokatuko dutena.

Sailkapena

1. Elezkano II.a-Zabaleta, 8

2. Altuna III.a-Mariezkurrena II.a, 8

3. Peña II.a-Albisu, 6

4. Olaizola II.a-Rezusta, 5 (Neurketa bat gutxiagorekin)

5. Ezkurdia-Ladis Galarza, 4

6. Artola-Aranguren, 3

7. Urrutikoetxea-Imaz, 3 (Neurketa bat gutxiagorekin)

8. Jaka-Martija 2

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.