Albistea entzun

Zer egiten zuen balmasedar batek New Yorkeko etxe orratz bateko habe baten gainean 1932an?

Natxo Ibarguen izena zuen Rockefeller Center eraikineko habe baten gainean ageri den gizonak. Igeltseroa zen, eta 1919. urtean egin zuen alde Argentinara, soldadutzatik ihesi. 1925. urtetik aurrera bizi izan zen New Yorken.

Natxo Ibarguen, ezkerretik hasi eta bigarrena, Matty O’Shaughnessy irlandarrari sua ematen, 1932. urtean, New Yorkeko Rockefeller Center eraikineko habe baten gainean.
Natxo Ibarguen, ezkerretik hasi eta bigarrena, Matty O’Shaughnessy irlandarrari sua ematen, 1932. urtean, New Yorkeko Rockefeller Center eraikineko habe baten gainean. Harresi elkartea Tamaina handiagoan ikusi

Paulo Ostolaza -

2021eko martxoak 10

Balmasedan (Bizkaia) jaiotako gizon bat, 1932. urtean, New Yorkeko Rockefeller Center eraikineko habe baten gainean, beste hamar beharginekin batera. Eraikinaren 69. pisuan atera zuten argazkia, 240 metroko altueran. Mundu osoan da ezaguna irudia, eta Harresi elkarteak jakinarazi du euskalduna dela argazkian ageri direnetako bat. Baina, nor zen gizon hori? Zer egiten zuen han? Zein zen haren jatorria?

Natxo Ibarguen Moneta, Boluntario ezizenez ezaguna, 1899ko azaroaren 4an jaio zen, Balmasedan. Ignacio Ibarguenek eta Micaela Monetak izan zituzten hamar seme-alabetatik seigarrena zen. Aita Balmasedakoa zen, eta ama, izatez, Murietakoa (Nafarroa). Boluntario ezizena Bigarren Karlistaldian parte hartu zuen osaba batengandik jaso zuen; amaren anaia zuen, eta litekeena da hori izatea Moneta familia Balmasedan bizitzearen arrazoietako bat.

Natxo Ibarguen 20 urte bete zituen arte bizi izan zen herrian, baina 1919. urtean atzerrira alde egitea erabaki zuen. Derrigorrezko soldadutzara joatea egokitzen zitzaion, eta litekeena zen Afrika iparraldera bidaltzea, Rifeko gerrara. Haren anaia zaharragoek lehenago egin zuten moduan, Argentinara egin zuen alde Ibargurenek, Buenos Airesera, itsasontziz. Dena den, ez dirudi Argentinan oso gustura zegoenik, eta, itsasgizon britainiarren greba bat baliatuta, Ingalaterrarako noranzkoa zuen itsasontzi batean eman zuen izena.

Gertuagotik, Ibarguen Matty O’Shaughnessy irlandarrari sua ematen. HARRESI ELKARTEA

Uhartera iritsitakoan, Bristolen bizitzen jarri zen, baina itsasgizon jarraitu zuen lanean, eta Europako hainbat portu bisitatu zituen; tartean, Errusiako batzuk, herrialdeak iraultza igaro berri zuela. Europa, ordea, ez zegoen oso ondo urte haietan, eta, AEBen hazkundeak erakarrita edo, New Yorkera joan zen bizitzera Ibarguen. Han ezagutu zuen emazte izango zuena, Esperanza Ojinaga; 1924an edo 1925ean ezkondu ziren, eta lau seme izan zituzten.

Ondorioz, jakina da 1925. urtetik aurrera New Yorken bizi izan zela Ibarguen, baita 1929ko crash-aren ostean eraikuntzan lana lortu zuela ere, orain hiriaren ikur diren etxe orratzak egiten. Aurrez ezagutzen zuen igeltsero ofizioa, aitaren lanbidea ere hura baitzen. 1957. urtean hil zen Natxo Ibarguen.

Geroago itzuli zen haren semeetako bat, Dani, Balmasedara, bere erroen bila. Hark jakinarazi zien Balmasedako senideei argazkikoa bere aita dela. Haietako bat zen Bego Eguskitza, Natxoren ilobaren emaztea, eta nola jakin zuten azaldu du gaur Euskadi Irratiko Faktoria saioan. Danik, Euskal Herrira egin zituen bisitetako batean, aipatu zien bere aita zela argazki hartan ageri zena. Eguskitzaren arabera, «dudarik gabe», Natxo da argazkikoa: «Nik argazkia lehendabizikoz ikusi nuenean ez nuen zalantzarik egin: hori ibarguendarra zen. Gorpuzkeragatik, estiloagatik...».

Irudi ospetsua

Ibarguren ageri den argazkia ospetsua da. Atera zen garaian zeresana eman zuen; izan ere, zorakeria  dirudi 11 langile horiei altuera horretan halako argazki bat ateratzeak. Kontraste handia dago egoeraren arriskuaren eta langileek erakusten duten lasaitasunaren artean. Ikerketa bat baino gehiago egin dira argazkiaren jatorria argitzeko.

Argazkilari bat, langile bati argazkiak ateratzen, New Yorkeko etxe orratz bat eraikitzen ari zirela, 1932. urtean. TIME

Argazkia 1932ko irailaren 20an atera zuten, eta lehen aldiz New York Herald Tribune egunkariak argitaratu zuen, urriaren 2an. Duela urte batzuk argitaratu zuen argazkiaren egilearen inguruko erreportaje bat New York Times-ek, eta ondorioztatu zuten ezinezkoa dela nork atera zuen jakitea. Dena den, begi bistakoa dirudi argazkiok atera zituenak arriskuan jarri zuela bere bizia, langileek bezalaxe. Badira, ordea, diotenak langileek ez zutela arrisku handirik hartu. Izan ere, metro gutxi beherago erabat bukatuta zegoen eraikinaren solairu bat.

Argazkiaren egileen helburua New Yorken eraikitzen ari ziren eraikinen publizitatea egitea zen. Langileena, berriz, ekonomikoki zaila zen garai batean sos batzuk eskuratzea.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JON URBE / @FOKU

«Ez genuen espero jendearen zirrara»

Jakes Goikoetxea

Esku asko daude Irulegiko Eskuaren aurkikuntzaren eta zabalkundearen atzean. Eider Conderenak, esaterako. Eskua mugarria izan da, baina arkeologia prekarioa dela gogorarazi du.
 ©BERRIA

Diskurtsoak egiten du min

Amaia Igartua Aristondo

Hilekoak min ematea gaitz baten sintoma izan daiteke, baina, kontrara, normala dela uste dute askok: bai andreek, bai haien ingurukoek, baita mediku askok ere. Sinesmenak ondorioak ditu: hilekoaren bizipena baldintzatzen du, emakume batzuei errudun sentiarazten die, eta endometriosiaren diagnostikoa atzeratzen du sarritan.
<em>Badok</em> atarian dauden 32.000 abestietako bat zein den asmatu beharko da Kantok jolasaren aldi bakoitzean. ©BERRIA

Euskal musikarekin jolasteko

Urtzi Urkizu

'Badok'-ek Kantok jolasa sortu du: kantu baten pasartea entzunda, abestia asmatu behar da

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...