Fukushimako istripua

Fukushimako produktuei ezarritako murrizketak ezabatzeko eskatu du Japoniak

Zentral nuklearrean gertatutako istriputik hamar urte igaro direnean, eremu hartako elikagai produktuen inportazioa mugatzeko neurriak dituzte mundu osoko hamabost herrialde eta nazioarteko erakundek.

Arrantza ontzi bat, Onahamako portuan, Fukushiman. FRANCK ROBICHON / EFE
Iosu Alberdi.
2021eko martxoaren 11
12:32
Entzun

Fukushimako zentral nuklearrean gertatutako istripuak Japoniako ekonomian eragin nabarmena izan zuen. Eremu hartan ekoizten diren elikagai produktuen inportazioa murrizteko neurriak hartu zituzten mundu osoko 54 herrialdek eta nazioarteko erakundek, eta, hamar urte igaro diren honetan, murrizketa horiek martxan jarraitzen dute haietako hamabostetan. Urteurrena baliatuz, Japoniako Gobernuak «erabat deitoragarritzat» jo ditu, eta lehenbailehen kentzeko eskatu.

Lurralde hartako elikagaien inportazioaren aurkako neurriak dituztenen artean daude Europako Batasuna, Txina, Hong Kongeko eskualde autonomoa eta Taiwan. Azken hirurak Japoniako elikagai produktuen bost inportatzaile nagusietako hiru dira, eta horiei bidali die mezua, nagusiki, Toshimitsu Motegi Atzerri ministroak. Adierazi du Japoniako Gobernuak «ahal duen guztia» egingo duela egoera aldatzeko. Betiere, «ebidentzia zientifikoetan» oinarrituta. 

Zentralaren inguruko eremuetako nekazaritza eta arrantza elikagaien eta baso ustiapenetik ateratako produktuen esportazioak nabarmen jaitsi ziren istripuaren ostean, eta ez ziren 2011 aurreko kopuruetara iritsi 2017ra arte. Ordutik, gainera, «hurrengo hiru urteetan jarraian, inoizko daturik onenak» izan dituzte, Motegiren arabera. Japoniak, ordea, pauso bat gehiago eman nahi du, eta, horretarako, ezinbestekotzat jotzen du murrizketak amaitzea. 

Arrantza industriaren kasuan, urtebete baino gehiago itxaron behar izan zuten lanera itzultzeko, uretan atzeman zituzten isotopo erradiaktiboen ondorioz. Orain, hondakin nuklearrak itsasoan hondoratzearen alde egin du Tokiok; ondorio kaltegarririk izango ez duen erabakia, haien esanetan. Arrantzaleen haserrea eragin du, ordea, eta Japoniako Arrantzale Elkarteko presidente Takashi Nitsumak uste du «urak kutsatuko» dituela, industria «tunelaren amaieran dagoen argia» ikusten hasi denean. 

Ez dira murrizketak, baina, arazo bakarra. Motegik adierazi du ezbehar nuklearraren inguruan sortu diren «zurrumurruek» ere kalteak eragin dituela eremu haren «izen onean». NBE Nazio Batuen Erakundeak erradioaktibitateak izandako eraginen inguruko txosten bat argitaratu berri du, Japoniako Gobernuak publikatutakoekin bat egiten duena. Hura, ordea, zalantzan jarri dute erakunde ugarik. 
Unscear NBEren Erradiazio Atomikoaren Efektuen inguruko Batzorde Zientifikoak, besteak beste, ezeztatu egin du ezbeharraren eta eremuan gaixotasunen intzidentziak gora egin izanaren arteko lotura: «Fukushimako biztanleen artean ez da atzeman erradiazioaren eraginari zuzenean egotzi ahal zaion ondorio kaltegarririk». 

Beste ondorio batzuk atera dituzte, baina, besteak beste, Greenpeace eta Human Rights Watch GKE gobernuz kanpoko erakundeek, eta salatu dute «ziurgabetasuna» eta «kontraesanak» nagusi direla Unscearren idatzian: «Txostenak dio ezin ditugula erradiazioari lotutako minbizi motak bereizi, baina horrek ez du esan nahi ez denik minbizia kasurik egon istripuaren eraginez». Hala, ezbeharrarekin lotuta, 4.400 lagun minbiziaz hil direla uste du Greenpeacek.

Babesa eskertuz

Nazioartearentzako esker oneko hitzak ere izan ditu Motegi Atzerri ministroak, eta ezbeharrari aurre egiteko jasotako laguntza guztia gogoratu du: besteak beste, bilaketa lanak egiteko eta artatze lanetan aritzeko 24 herrialdeetatik iritsitako langileak, eta mundu osotik bidalitako 132 milioi euroko dohaintza. «Herriak ez du inoiz ahaztuko erakutsitako eskuzabaltasuna, eta Japoniako ekialdeko lurrikara handiaren harira emandako babesa», nabarmendu du.

Ezbehar naturalak gero eta ohikoagoak dira eremuan, eta horri aurre egiteko prebentzio neurriak indartzearen garrantzia azpimarratu du Motegik. Bide horretan Tokiok eginiko lana txalotu du NBEko idazkari nagusi Antonio Guterresek ere: «Lidergoan da, ezbeharren prebentzioari dagokionez».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.