Enpresak

Erakundeek euren baldintzak jakinarazi dituzte Corrugados zabaltzeko

AC taldeak badaki zer egin behar duen ingurumen baimena lortzeko. Azpeitiko Udalak esan du «proposamen zehatz bat» egin duela

Corrugados Lasaoko fabrika. GORKA RUBIO / FOKU
xabier martin
2021eko martxoaren 11
20:12
Entzun

Cristian Lay taldeak Azpeitiko Corrugados berriro martxan jarriko ote duen erantzunik gabeko galdera da oraindik ere, baina enpresak badaki altzairugintzaren jardueran hasteko zer etxeko lan egin beharko lituzkeen. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko sailburu Arantxa Tapiak esan du ingurumen esparruko arazoak gaindi ditzakeela enpresak, eta Gasteizko gobernuak zehaztu dizkiola baimena lortzeko bete behar dituen baldintzak. Hirigintzarekin lotutako baimena Azpeitiko Udalaren eskuduntza da.

Tapia bera egon da Corrugadosen aukerak neurtzen hasteko balio izan duen bileran, Jaurlaritza ordezkatzen. Jabier Larrañaga Ekonomia Sustapeneko diputatuak ordezkatu du Gipuzkoako Foru Aldundia, eta Azpeitiko Udala, Nagore Alkorta alkateak. Erakundeotako ordezkariekin elkartu da Cristian Lay taldeko zuzendari Miguel Angel Leal.

Jaurlaritzako iturriek BERRIAri esan diote hirigintza esparruko oztopoak bere horretan jarraitzen duela, eta udalak ez duela argitu enpresak zer egin beharko lukeen Azpeitiko bere fabrika berriro martxan jartzeko, zortzi urtez itxita egon ondoren. Fabrika hori Azpeitiko erdigunean dago, eta beste bat dauka Lasaon, erdigunetik urrunago.

Proposamen zehatz bat

Azpeitiko Udalak, ordea, ohar batean esan du «ingurumen baldintza, hirigintza arau eta legezko guztiak beteko lituzkeen aukera bat» mahaigaineratu duela, eta gehitu du CL taldeak «oraingoz» ez duela interesik erakutsi aukera horren inguruan. Beharbada, Lasaoko fabrikarekin lotutako proposamena izango da. Edonola ere, udalak xehetasunak emango ditu bihar. Aurreratu du labeak herrigunean irekitzeko aukera «txosten teknikoen menpe» dagoela, eta «oso konplikatua» izan daitekeela.

CA taldeak iragarri du asteon Azpeitiko fabrika abiarazteko aukera aztertzen ari dela, baina oraindik «hastapeneko fase batean». Tapia sailburuaren arabera, erakundeek «erraztu» egin behar diote bidea, besteak beste, Leal familiak 140 lanpostu aipatu dituelako. Altzairugintzaren jardueran hasteko, CA taldeak bi oztopo nagusi ditu, baimenei dagokienez: lehena, ingurumen esparrukoa, eta bigarrena, hirigintzakoa. Espainiako taldeak badaki lehen oztopo hori gaindi dezakeela, Tapiaren arabera, Jaurlaritzak «ongi zehaztu» diolako zer lan egin behar dituen. Bigarren oztopoa Azpeitiko Udalaren mahaian dago, hirigintzaren esparrua haren eskuduntza delako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.