Katalunia

Kataluniako Parlamentuko Mahaiak gehiengo independentista izango du

Laura Borrasek ERCren eta JxCren botoak jaso ditu, eta parlamentuko presidente izango da. ERCko Anna Caula eta PSCko Eva Granados izango dira presidenteordeak. CUPek, ERCk, JxCk eta PSCk idazkaritza bana izango dute. Vox mahaitik kanpo geratu da.

Laura Borras, izendatu berritan. QUIQUE GARCíA, EFE
Iosu Alberdi.
2021eko martxoaren 12a
11:51
Entzun

Jakina zen alderdi independentisten arteko akordioa, eta hala berretsi dute gaurko bilkuran. JxCko buru Laura Borras izango da Kataluniako Parlamentuko presidente. Borrasek bere alderdiaren eta ERCren botoak jaso ditu, eta aise gainditu du PSCren hautagai Eva Granados. Hark bigarren presidenteorde kargua izango du, eta ERCko Anna Caula izango da lehen presidenteorde. Independentisten arteko akordioak Vox mahaian egotea ere eragotzi du. Lau idazkaritzak CUPek, ERCk, PSCk eta JxCk hartuko dituzte. Hala, independentistek mahaiko zazpi karguetatik bost izango dituzte. 

Ikusteke zegoen alderdi independentisten arteko akordioa nola gauzatuko zen. Atzo adierazi zuten JxCk eta ERCk Borrasen aldeko hautua egingo zutela parlamentua zuzentzeko, baina CUPek hartuko zuen erabakia ezbaian zegoen. Azken egunetan, jakinarazi zuen Laura Borrasen aldeko botorik ez zuela emango, baina, era berean, mahaiak gehiengo independentista izatea erraztuko zutela. Esan eta egin. Haien boto zuriek JxCko zerrendaburuaren garaipena erraztu dute. Bozketaren ostean, baina, independentisten arteko batasunik eza islatu du CUPeko diputatu Laia Estradak: «Kezkagarria da parlamentuko Presidentetza adostea lortu gabe hastea».

Lehen bozketan, inork ez du lortu beharrezkoa den gehiengo osoa, baina agerian geratu da nork irabaziko zuen bigarrenean, gehiengo soilarekin. Borrasek 64 boto jaso ditu denera, bere aurkari Granadosek baino hamalau gehiago. Hark, sozialisten babesaz gain, En Comu Podem, PP eta Ciutadans alderdietako diputatuena ere izan du. Voxeko hautetsiek, berriz, zuri bozkatu dute. Parlamentuak izango duen hirugarren emakumezko presidentea izango da Borras. Aurrez, Nuria de Gispert (CiU) eta Carme Forcadell (ERC) izan dira kargu horretan.

Parlamentuko presidenteordeak hautatzeko bozketan ere, independentisten arteko akordioa nagusitu da. Kasu horretan, ERCko diputatu Anna Caudaren alde: aldeko 64 boto jaso ditu, eta lehen presidenteorde izango da. Bigarren presidenteordearen kargua, berriz, Granadosentzat izango da. Lehen bozketan bezala, PPren, Ciutadansen eta Comukoen babesa jaso du.

Idazkariak izendatzeko garaian, ERCk eta JxCk CUPen hautagaitza babestu dute. Hala, independentisten arteko akordioak Vox mahaian egotea eragotzi du. Lau idazkariak, lehenengotik laugarrenera, hauek izango dira: Ferran Pedret (PSC), Jaume Alonso Cuvillas (JxC), Pau Juvilla (CUP) eta Ruben Wagensberg (ERC). CUP mahaian egongo den lehen aldia da.

Presoak eta erbesteratuak gogoan

ERCko Ernest Maragallek eman dio hasiera legealdi berriari, adin mahaiko presidente gisa. Liskar artean eman ere. Maragallek Espainiako Estatuan dagoen «anomalia demokratikoa» kritikatu du, eta horrek, besteak beste, Ciutadanseko diputatuen haserrea eragin du. Alderdiko buru Carlos Carrizosak hitza eskatu du, ERCko parlamentariari bere funtzioetara mugatzea exijitzeko. Ordurako, Maragallek esana zuen «preso politikoak eta erbesteratuak» dauden bitartean ezin dela «normaltasun demokratikoaz» hitz egin: «Errekuperazio demokratikorako, estatuko erakundeen aldaketa sakon bat beharrezkoa da». Maragallek gaineratu du «inolako herrialde proiektuk» ez duela merezi aurrera egitea, «ezta egungo gehiengo independentistak ordezkatutakoak ere», ez baditu «herritar guztiak» kontuan hartzen.

Behin bozketak eginda, jada parlamentuko presidente gisa, Borrasek adierazi du legealdi berezia izango dela, COVID-19ak eta Quim Torra presidentearen kargugabetze «arbitrarioak» baldintzatua. Parlamentua «otzan» izan nahi ez duen herri baten ordezkari dela nabarmendu du, eta «esku hartze judizialei» aurre egiteko beharra azpimarratu. Izan ere, Borrasen beraren etorkizun politikoa epaitegien esku dago. Espainiako Auzitegi Gorena hura ikertzen hasi zen, Kataluniako Letren Institutuko presidente zela kontratuak nahieran esleitzeaz akusatu baitute. Orain, baina, parlamentueko kide izendatuta, kasua Kataluniako Auzitegi Nagusiaren esku geratuko da.

Presidente berriak gaineratu du, «bera karguan den bitartean», parlamentarientzako muga bakarrak «oinarri demokratikoek ezarritakoak» izango direla. Bide horretan, eskuin muturrari aurre egiteko beharra adierazi du: «Faxismoa bateraezina da demokraziarekin, eta ezin dugu normalizatu».

Kataluniako alderdi independentistek eman beharreko hurrengo pausoa Generalitata osatzeko akordio bat erdiestea izango da. Hura oraindik urrun dago, ordea. Izan ere, Punt Avui egunkariak eginiko elkarrizketan, Carles Puigdemont presidente ohiak adierazi du gaurko bilkurarako akordio bat lortu izanak ez duela esan nahi gobernua osatzeko adostasunik lortu dutenik: «Ezin dugu jakintzat eman gobernua osatzeko ulertuko garenik».

Parlamentura itzuli da

Meritxell Serret kontseilari ohi eta diputatua izan da beste protagonistetako bat. Harentzat, «ongietorrien» eguna izan da gaurkoa. Alderdi independentistek legebiltzarrera sartu aurretik jaso dute, eta, behin barruan, horien eta Comuko kideen txaloak jaso ditu. Serret ostegunean itzuli zen Kataluniara, azken hiru urteak Belgikan igaro ostean. Espainiako Auzitegi Gorenean aurkeztu zuen bere burua, haren aurkako atxilotze agindua dela medio.

Lehen lerroan, Laura Borras eta Carme Forcadell, eta, atzean, berdez, Meritxell Serret, gaur goizean, parlamentuko sarreran. ALBERT SALAME / VILAWEB

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.