Albistea entzun

Nekazaritza

Agrooihangintzaren teknika

Euskal Herriko Laborantza Ganberak antolaturik, fruitu zuhaitzen adar mozketaz ikastaro teknikoa egin zen astelehenean Ainhize-Monjolosen eta Suhuskunen. Garai batean ohikoa bazen ere etxaldeetan zuhaitzak ukan eta artatzea, gaur egun horretan aritzeko jakintza berreskuratu behar da.

.
. Joanes Etxebarria Tamaina handiagoan ikusi

Joanes Etxebarria - Ipar Euskal Herriko Hitza -

2021eko martxoak 15

Hogei bat parte hartzaile ziren astelehenean Euskal Herriko Laborantza Ganberak (EHLG) Ainhize-Monjolosen eta Suhuskunen antolatu ikastaro teknikoan. Horietarik hamabost laborariak edo laborantzan instalatzeko proiektua duten gazteak ziren, agrooihangintza etxaldean integratu dutenak edo hala egin nahi luketenak. Fruitu zuhaitzetan garai hauetan egiten diren adar mozketak ulertzea eta horiek egiten ikastea zen ikastaroaren xedea. Ilde Perez gidari, goizean teoria landu eta arratsaldean bi etxaldetako sagardietan ikusi zuten, praktikatuz, fruitu zuhaitzen adarrak nola mozten diren sasoi honetan.

Bi lan desberdin ziren aztergai: Ainhize-Monjolosen, elkartearen egoitzatik hurbil diren lurretan, 1992an landatu sagarrondoak nola berregituratu; Suhuskunen, berriz, bizpahiru urteko sagarrondo gazteen adarrak moztuz nola formatzen diren ikustera joan ziren. «Agrooihangintzako praktika berritzaileak integratzea ontsa da, baina etxaldeetan historikoki zuhaitzen inguruan izan den jakintza berreskuratzea» kausitu nahi du EHLGk ikastaldi tekniko horiekin, Etienne Jobard teknikari eta animatzaileak argitu duenez.

Historikoki zuhaitzek leku gehiago baitzuten etxaldeetan. Gaur egun, bereziki gazteen interesa berpizten da —astelehenean agerikoa zenez—, fruitu zuhaitzak ere ekoizpen dibertsifikatu baten parte bilakatzeko. Izan eskala tipian fruituen autokontsumorako, ala handian ekoizpenaren salmentarekin ekarpen ekonomiko bat ziurtatzeko. «Ikastaro teknikoetako parte hartzaileak gehienak gazteak dira, baina ez da 50 urtekoek teknika menperatzen dutelako», Etienne Jobarden ustez, «baizik eta ekoizpen askotarikoaren parte fruitu zuhaitzak nahi dituztenak adineko pertsonak eta gazteak direlako».

Ikastaroan bisitatu zuten bigarren etxaldean, Suhuskuneko Bixente Labyren xerri hazkuntzan, zuhaitzak kabaleentzat ezarri dira: itzala egin dezaten, eta fruituak erortzean bazka gehigarria ekar dezaten. 2018an hasirik, urte oroz landatzen dituzte sagarrondo, haritz edo gaztainondoak. Baina Jobarden erranetan, etxaldeetan zuhaitzak ezartzearen aldeko argumentuak anitzez gehiago dira: «Kabalaren ongizatearen berme bat dira, babes klimatikoa eskaintzen baitute —izotzaz, haizeaz edo udako beroaz babesteko—, biodibertsitatearen aterpe dira, eta, hor, erasotzaileen erasotzaile diren espezieak atzematen dira, egur eta hosto hilek lurrari karbono ekarpena egiten diote…», zerrendatu du. Ahantzi gabe, bistan denez, fruitu eta egur ekoizpenak dakartzala.

Suhuskuneko sagarrondoek interes berezia piztu zuten astelehenean, duela bi edo hiru urte landatu arbolen adarrak moztuz nola formatzen diren ikasteko balio izan zutelako. Zuhaitzaren bihotzeko adarrak moztu, baita enbor azpikoak ere, eta adarrik gorenen puntak pikatzen zituzten, aldian aldi, sagarrondo bakoitzaren formari egokituz. Horretan ari zen Ilde Perez xedarra-aizturrekin, eta gazteak beha, beren aldia heldu arte.

Gaztainen inguruko zikloa

«Duela 40 edo 50 urte etxaldeetan bazen oraindik jakintza handia zuhaitzen inguruan. Jendeek bazekiten zuhaitz bat landatzen eta artatzen», Jobardek dioenez, baina gaur egun jakintza hori berreskuratzeko, pertsona erreferente zehatzengana jo du EHLGk: Ilde Perezekin adarren mozketa landu duten bezala, Gabriel Durrutirekin gaztainaren inguruko ziklo bat abiatu dute Ainhize-Monjolosen.

Lehen saio batean, gaztainaren itzal historikoa eta haren fruituak Euskal Herriarekin duen lotura kulturala aipatu zuten, eta, ondoko aldietan, hilabete hondarrean eta apiril hastapenean, lantzekoak dituzte «txertaketa, zuhaitzaren arta eta fruituaren erabilpena, ekarpen ekonomiko gehigarri gisara». Beste leku batzuetan lan sail gisa antolatua bada ere, gaztainaren inguruko garapena egin gabea da, oraindik, Ipar Euskal Herriko laborantzan. Adar moztearen ikastaroak ukan arrakasta berdintsua ukan zuen gaztainaren ingurukoak ere.

Ainhizeko elkarteak egin dituen ikerketetan, hala nola etxalde zenbaiten diagnostiko zehatzetan, agerikoa da instalatzen direnek ekoizpenen dibertsitatea xerkatzen dutela geroz eta gehiago. Etxalde batzuetan ekarpen ekonomiko gehigarria da jadanik, «ñimiñoa izanik ere», eta guti batzuentzat jarduera nagusia, Anhauzeko Miren Hariñordokiren etxaldean bezala, fruituak izozkietan transformatu eta saltzeko.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Grebalariak Louvre museoaren aurrealdean, gaur. ©CHRISTOPHE PETIT TESSON / efe

Elkarrizketara deituta gainditu nahi du Macronek bere bakardadea

Iker Aranburu

Sindikatuek erretretaren erreformaren aurkako hamargarren protesta egunera deitu dute gaurko.

 ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

«Denbora asko igarotzen dugu bezeroari egia esaten»

Iker Aranburu

Inbertsio funtsetara bideratzen den aurrezkiaren kuota bikoiztu du azken hamar urteetan Kutxabankek. Oruetaren arabera, epe luzera begiratzea eta bezeroari «kea ez saltzea» dira arrakastaren bi gakoak.
Laborategi berriaren inaugurazioa. ©

Sorgailu eolikoen ahalmen elektrikoa optimizatzeko laborategia jarri du martxan Mondragon Unibertsitateak

Iñaut Matauko Rada

Erabiliko dituzten teknologiek haize erroten turbinen energia ekoizpena %5 hobetuko dutela iragarri dute.

Higiezinen enpresa baten erakusleihoa, Donostian. ©Juan Carlos Ruiz / EFE

Urtarrilean %11,8 hipoteka gehiago sinatu dira

Maddi Iztueta Olano

Hego Euskal Herrian etxebizitza erosteko 2.287 hipoteka sinatu dira urtarrilean, 2022an baino 243 gehiago.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.