Kopako finala

Ez da zalerik izango kopako finalean

Carolina Darias Osasun ministroak nabarmendu du jende pilaketak ekidin behar direla. Espainiako Futbol Federazioak presazko bilerara deitu ditu bihar Athletic eta Reala. Eusko Jaurlaritzak adierazi du ez dela garai egokia jendea estadioetara joatera bultzatzeko.

jarraia195091.jpg
Berria
2021eko martxoaren 17a
13:55
Entzun

Goizean ikusmina piztu da Athleticek eta Realak apirilaren 3an Sevillan (Espainia) jokatu behar duten Kopako finala zale eta guzti izateko aukera zela eta. Arratsaldean argitu da auzia ordea. Kopako finalean ez da publikorik izango. Hala aurreratu du Carolina Darias Espainiako Osasun ministroak Lurralde Arteko Batzordean. Dariasek nabarmendu duenez, ez dute nahi kopako finalean publikorik egotea. Bi arrazoi aipatu ditu Dariasek horretarako: jende pilaketak ekiditeko beharra eta finalean jendea egotea gobernuak zabaldu nahi duen mezuaren kontrakoa dela. Espainiako Gobernua birusaren transmisioa ekiditeko neurri zorrotzak mantentzearen aldekoa da, eta Kopako finalean publikoa egoteak mezu hori lausotuko luke gobernuaren arabera. 

Espainiako Futbol Federazioak presazko bilerara deitu ditu biharko (16:00) bi klubetako ordezkariak, Madrilen. Finalaren inguruko antolaketaz hitz egiteko da, eta, goizean zabaldu denez,hor eztabaidatuko litzateke zaleak estadioan sartzeko aukera. Cartuja estadioan 60.000 ikusle kabitzen dira, eta edukieraren %20 edo %25 sartzea zen Espainiako Futbol Federazioaren asmoa12.000-15.000 zale lirateke denera. Bileran izango dira, bi klubetako ordezkariez gain, Luis Rubiales federazioko presidentea, Jose Maria Arrabal Andaluziako Juntako kirol idazkaria eta Espainiako Kirol Kontseilu Goreneko ordezkaria. 

Orain arte, Kopan bertan, talde apalen estadio batzuetan zaleei utzi izan zaie sartzen, baina edukiera murriztuta, eta, betiere, leku bakoitzaren egoera kontuan hartuz. 

Gauzak garbi utzi zituztenak hemengo agintariak izan ziren, berriki iragarri baitute ez direla finala ikustera joango. Bide horretatik jo du Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako eledunak ere: "Ez da garai egokia jendea estadioetara joatera bultzatzeko".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.