Memoria

Nafarroako Gobernuak iragan hurbileko indarkeriaren unitate didaktikoak eramango ditu ikasgeletara

Espainiako Barne eta Hezkuntza Ministerioak landu ditu unitate horiek, eta horien berri emateko jardunaldi berezia antolatu du Nafarroako Gobernuak, Iruñean

Carlos Gimeno Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilaria. IñIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2021eko martxoaren 17a
20:32
Entzun

Espainiako Gobernuak landutako «memoriaren eta terrorismoaren prebentziorako» unitate didaktikoak ikasgeletara eraman nahi ditu Nafarroako Gobernuak. Horren inguruko xehetasunak azaldu eta memoriaren auzia aztertzeko jardunaldiak egin ditu gobernuak gaur Iruñean. «Unitate horiek modua emango dute terrorismoaren krudeltasunaren berri izateko, eta ekarpena egingo dute benetako kontakizuna eratzeko orduan», nabarmendu du Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak. Haren esanetan, ikasleek «ETAren indarkeria terrorista ezagutu ahalko dute, baina baita eskuin zein ezker muturreko taldeen terrorismoa eta nazioarteko jihadismoa ere». 

Berez legeak agintzen dio Nafarroako Gobernuari iragan hurbilari buruzko hezkuntza programak lantzea; zehazki, 2010eko Terrorismoaren Biktimen legeak, 2013ko 1936ko gerrako biktimen legeak eta 2019ko motibazio politikoko biktimen legeak: «Legeak agintzen digu, baina gure borondate politikoa ere bada», azaldu du Martin Zabalza Nafarroako Gobernuko Bake eta Bizikidetza arloko zuzendariak.

Hala, datorren ikasturtean, Memoria duten Eskolak programa landu nahi du gobernuak. Egitasmo zabala da, eta, haren bidez, memoria historikoaren auzia eta oro har giza eskubideen urraketak aztertu nahi dituzte ikasgeletan. Bertan txertatuko dute Espainiako Barne Ministerioak eta Hezkuntza Ministerioak jorratutako programa ere. Zazpi unitate horiek hezkuntza maila desberdinetara egokituta daude: besteak beste, geografia, balio etikoak, filosofia eta historia klaseetan eman daitezke. Unitate bakoitzak lau ordu inguruko saioak jasotzen ditu, baina lehen hezkuntzakoa bi ordu ingurukoa da.

Unitateen gaiak

Montserrat Torija Espainiako Barne Ministerioko Terrorismoaren Biktimen Arretarako zuzendari nagusiak eman du unitateen xehetasunen berri. Lehen unitatea Terrorismoa Espainian deitzen da, eta Torijaren arabera, biktimekin ikasgeletan topaketak egiteko testuingurua azaltzeko baliatu izan da aurretik. Nafarroaren kasuan, hain zuzen ere, 2018-2019ko ikasturtean Eskutik izeneko programa pilotua landu zen biktimak eskoletara eramateko, eta ikasturte honetan egitasmo pedagogiko hori zabaldu egin da; adibidez, gaur Gurutze plazako institutuan Iñigo Pascual ETAren biktima izan da bere istorioa kontatzen. Bigarren unitateak izen bera du, baina Batxilergoan lantzen da. Hirugarren unitatea Lehen Hezkuntzan jorratuko dute, giza eskubideen inguruko gogoetak eta testigantzak plazaratuz bi orduan.

Laugarren unitatea DBHko laugarren mailan jorratuko litzateke, biktimen eta indarkeriaren ondorioen inguruan. Bosgarren unitateak «nazioarteko terrorismoa» jorratuko du, Batxilergoan. Seigarren unitatean, erradikalizazio prozesuaren esanahiaz hitz egingo zaie ikasleei, eta, azkenik, horri aurre egiteko argudioak landuko dira zazpigarren unitatean. Gai horiek guztiak Batxilergoan emango dituzte ikasleek.

Torijak azaldu duenez, uztailean jarri zuten material hori guztia erkidegoetako gobernuen eskuetan. Gaineratu duenez, unitate bakoitzak ordu kopuru jakin bat du antolatua, baina ikastetxeek «malgutasunez» aplika ditzakete, euren beharretara egokituta.

Aurkezpenean, kezka azaldu dute gazteek iragan hurbileko indarkeriari buruz ustez duten ezagutza eskasaz. Zehazki, Gimenok aurreraratu du Hezkuntza Departamentuak inkesta baten enkargua eman diola Luis Campos Gizarte Errealitatearen Behatokiko zuzendariari gazteen artean galdetu dezan gaiaz: «Jakin nahi dugu zer dakiten gazteek terrorismoaz eta indarkeriaz. Unitate horien helburua haiek izango dira».

Florencio Dominguez Terrorismoaren Biktimen Memoriaren Zentroa fundazioko zuzendariaren arabera, hainbat datu eta inkestaren arabera, nerabeek eta unibertsitatean dabiltzan gazteek ezagutza eskasa dute ETAri buruz. Haren ustez, «zorionez» hori ona da pertsonalki, gaiak ez dielako eragin, baina sozialki ez da onargarria: «Sozialki ez da desiragarria. Ez da posible belaunaldi batek ez jakitea terrorismoaren ondorio larrien inguruan».

Arrazoien artean, aipatu du etorkizunean berriro ez errepikatzeko bermeak bilatzerakoan garrantzitsua dela indarkeriaren erabileraren ikuspegi erromantikoaren tentaziotik aldentzea gazteak. Haren ikuspegitik, jihadisten kasuan erradikalizazio prozesuak aztertu egiten dira, baina ez da gauza bera gertatzen Euskal Herrian: «Ez badago ez formakuntzarik eta ez informaziorik terrorismoaren inguruan, ez badago ezagutzarik giza eskubideen urraketez eta eragindako sufrimenduaz, ez bada jakiten horrek guztiak zer ondorio politiko dituen, arriskua dago gazteak bertsio erromatikoarekin geratzeko eta tentazioa izateko indarkeria erabiltzeko berriz», azaldu du.  

 

  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.