Nazioartean saritu dute Unai Beroizek konfinamenduan ateratako argazki bat

Beroizek zilarrezko saria jaso du Budapest International Foto Awards sariketan, iazko konfinamenduan aitonari egindako argazkiagatik. 

Saria irabazi zuen argazkia. UNAI BEROIZ
Ainhoa Larretxea Agirre.
2021eko martxoaren 18a
16:10
Entzun

Iazko apiril hasieran, etxeko konfinamendu gogorrenean, bolo-bolo zabaldu zen Unai Beroiz argazkilari iruindarraren argazki bat. Kristal bat ageri zen argazkiaren erdian. Kristalaren alde batean, bizimina darion gizon edadetu baten aurpegia; bertze aldean, maskara aurpegian, eskularru beltz bat eta argazki kamera eskuan duen gizonezko bat. Erdian, bien eskuak. Beroizen aitona Miguel eta Beroiz bera ziren argazkiko protagonistak. Orain, hain ezagun egin zen argazkiak zilarrezko saria lortu du Budapest International Foto Awards sariketako.

Hainbat kategoria daude sariketa horren barruan, eta Aktualitatea sailean eskuratu du Beroizek saria. Diario de Noticias egunkariko kolaboratzailea da Beroiz, baina argazki horrekin nazioarteko muga denak gainditu zituen. Telebista, egunkari zein bertzelako hedabideetan bolo-bolo zabaldu zen argazkia, eta Erresuma Batuko The Guardian egunkariak ere publikatu zuten.

Apirilaren 1ean atera zuen Beroizek Aitona. Tan lejos, tan cerca (Aitona. Hain gertu, hain urrun) izeneko argazkia. BERRIAri kontatu zionez, Uharten (Nafarroa) zebilen lanean, aitona bizi den herrian, eta aitonari ezkaratzera joateko eskatu zion zer moduz zegoen galdetu eta bera ikusteko. Hasierann, Extremadurako (Espainia) sendiari bidaltzeko egin zuen argazkia, baina iluntzean, etxera iritsi eta beste begiratu bat ematean, otu zitzaion sare sozialetara igotzea. Hala, argazkia publiko egitearekin bat, bolo-bolo zabaldu zen. 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.