AEB-ak

Pentagonoaren guneak baliatuko dituzte migratzaileak aterpetzeko

Bidenek  Harrisen esku utzi du migratzaileen krisia «bideratzeko» ardura.

Migratzaile talde bat otoitzean Tijuanan, Mexikon. JOEBETH TERRIQUEZ, EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko martxoaren 25a
12:18
Entzun

Migratzaileen krisia kudeatu beharko du aurrerantzean Kamala Harris AEBetako presidenteordeak, eta horretarako lehen urratsa izango du iparraldeko triangelua osatzen duten herrialdeekin negoziatzea —Guatemala, Honduras eta El Salvador— migratzaileen bidea eten dezaten Mexikoren eta AEBen arteko mugara heldu baino lehen. Izan ere, Washingtoni arazoak gailentzen ari zaizkio hegoaldeko mugan. Gero eta gehiago dira han pilatzen ari direnak herrialdera sartzeko itxaropenarekin, eta horien artean gero eta gehiago dira adingabeak. Hala, ohiko zentro itxiak beteta, Pentagonoak onartu du bere instalazioak baliatzea migratzaileak aterpetzeko.

Mugako Patruilak zabaldu duenez, azken asteetan nabarmen handitu da AEBetara sartzeko asmoz Mexikorekiko mugara heldu den migratzaile kopurua; egunero 500dik gora adingabe heltzen dira bakarrik, eta dagoeneko 21.000tik gora dira AEBek aterpetu dituztenak. Horiek hala, AEBek dagoeneko sei behin-behineko gune jarri dituzte mugako estatuetan; azkena Kalifornian zabaldu dute.

Mexikon, egoera ez da askoz hobea. Atzo, 300 bat lagunek manifestazio bat egin zuten Chiapas estatuko hiriburuan, Tuxtla Gutierrezen, INM Migrazioetarako Institutu Nazionalaren aurrean. Osasun arretarik eta edateko urik ez dutela salatu zuten, baita instalazioen mantentzea txarra zela eta koronabirus kasuak agertzen hasiak zirela ere. Baina, batez ere, migratzaileak euren sorterrira ez itzularaztea galdegin zieten agintariei.

INMren azken datuen arabera, urte hasieratik joan den martxoaren 21era arte 31.492 migratzaile atzeman dituzte, iazko epe berean baino %18 gehiago.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.