Merkataritza

Suezko kanala libratzeak «egunak edo asteak» har ditzake

Hondartutako Ever Given kargaontzia berriz flotatzen jartzeak denbora dezente har dezakeela ohartarazi du barkua erreskatatzeko lanetan ari den konpainia batek. Kezka areagotzen ari da, blokeoak merkataritza globalean izan dezakeen eraginagatik.

Ever Given ontziaren gila, Suezko Kanalaren bazterrean hondartuta. Taiwango Evergreen konpainiaren ontzia da, eta Panamako bandera du. SUEZ CANAL AUTHORITY / EFE
Irune Lasa.
2021eko martxoaren 25a
16:20
Entzun

Zortzi atoiontzi, bi draga, draga hurrupatzaile bat, hondeamakinak... Eta, hala ere, hutsalak izan dira 220.000 tonako Ever Given itsasontzia flotatzen jartzeko gaur egindako saiakerak. Edukiontziak eramateko munduko itsasontzi handienetakoa denak, harea ekaitz baten ondorioz, bazterra eta hondoa jo zituen joan den astearte goizean Suezko kanalaren hego muturrean. Barkutzarra kanalean zeharka gelditu zen, eta bere 400 metroko luzerarekin nabigazioa erabat oztopatzen du, non eta itsas garraioarentzat oso garrantzitsua den gune batean. Suezko kanaletik igarotzen da munduko merkataritzaren %12.

Erreskate lanetan ari den Boskalis konpainiako buruak Herbehereetako telebista batean emandako elkarrizketaren arabera, kargaontzi erraldoia askatzeko lanek «egunak edo asteak» har ditzakete.

Suezko Kanalaren Agintaritzak ere bezperan baino jarrera etsiagoa erakutsi du gaur, eta nabigazioa «behin-behinean» bertan behera utzi du kanalean. Atzo, hamahiru itsasontzi sartu ziren Suezko kanalera Mediterraneotik, istripuaren lekura iristerako pasabidea irekita egongo zelakoan; baina soilik Laku Handiraino iritsi ziren.

Refinitiv finantza zerbitzuetako konpainiako adituak Financial Timesi adierazi dionez, oraintxe 206 itsasontzitik gora daude pasatzeko zain kanalaren bi aldeetan. Horietatik gehienak edukiontzi garraiatzaileak dira, baina gutxienez hamasei petrolio eta erregai ontzi ere badaude harrapatuta. Egoera luzatzen bada, laster erabaki beharko dute Afrika inguratu ala ez. Haien hornikuntza gutxienez hamar egunez atzeratuko liratekeela esan nahi du horrek.

Erreskate konplexua

Ever Given askatzeko lanetan dabiltzanen itxaropen handiena itsasaldiak dira. Dragek nahikoa hondar eta lur erretiratuz gero, goranzko mareak lagunduko lieke barku erraldoia askatzen. Gerta daiteke, hala ere, ezinbestekoa izatea ontzia arintzea. Horrek esan nahi du erregaia atera beharko litzatekeela ontzitik, eta baita edukiontzietako batzuk deskargatu ere. Baina Suezko kanalaren bazter galdu batean horiek egitea ez da erraza izango, inondik ere.

Zailtasun handiena, dirudienez, Ever Given-en gila askatzea da; kanal bazterrean bost metro sartuta dago, eta hondeamakinak eta dragak han ari dira hondarra atera eta atera, ontzi erraldoiaren branka libratzeko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.