Reala

Silva: «Jokalari gazteak horren lasai ikusteak harritu egin nau»

Jokalari kanariarra finalerako prest izango da, izan dituen arazo fisikoak gaindituta. Nabarmendu du «meritu izugarria» duela titulu bat irabazteko lehian jarduteak «harrobiko horrenbeste jokalarirekin».

David Silva Zubietan, gaurko prentsaurrekoan. REALA
Paulo Ostolaza.
2021eko martxoaren 30a
16:23
Entzun

Kopako finalerako prest dago David Silva. Denboraldian zehar erakutsi duen moduan, jokalari erabakigarria da kanariarra Realarentzat, taldeko beste inork ez duen magia baitu azken metroetan zuloak bilatu eta paserik onenak emateko. Berak, ordea, umiltasuna erakutsi du gaur, prentsaurrekoan: «Uste dut kasualitatea dela ni lesionatu nintzenean taldeak bolada txar bat igaro izana». Dena den, zale txuri-urdin bat baino gehiago pozik izango da joan den astetik Silva arazorik gabe entrenatzen ari dela ikusita.

Taldeari dagokionez, bere taldekide gazteak oso lasai ikusten dituela nabarmendu du, baita horrek harritu egiten duela ere: «Ikusiko dugu finala gerturatu ahala... baina hemen ilusioa da nagusi, eta hori ona da». Gazteei neurketa disfrutatzeko esango diela adierazi du, eta euren buruari presiorik ez sartzeko gomendatu diela: «Horrelako partidak gauza txikietan erabakitzen dira, eta une oro eutsi beharko diogu kontzentrazioari».

Moyarekin eta Monrealekin batera, Silva bera da taldeko jokalaririk beteranoena, baita bere ibilbidean zehar garaikur gehien eskuratu dituena ere, bai Manchester Cityrekin, bai Espainiako selekzioarekin. Horrek titulua irabazteko gosea kentzen ote dion galdetuta, ezezkoa esan du jokalariak: «Berezia izango litzateke garaikur hau Realarekin irabaztea; jendea gogo handiz ikusten dut». Horretaz gain, azpimarratu du «meritu izugarria» duela titulu bat irabazteko lehian jarduteak «harrobiko horrenbeste jokalarirekin».

Erabat identifikatuta

Athletici irabazteko zer egin behar duten ere badakielakoan dago Silva: «Honaino ekarri gaituen estiloarekiko fidelak izan behar dugu». Dena den, aitortu du Athletic bolada gozoan ikusten duela.

Klubari dagokionez, berriz, jokalariak esan du «erabat identifikatuta» sentitzen dela «hemengo jendearekin», langileak-eta jatorrak direlako: «Oso pozik nago, eta nire familia ere bai; hori da garrantzitsuena». Azkenik, gehitu du Espainiako Kopa «zerbaiten hasiera» izatea espero duela, ez amaiera: «Beste urtebeteko kontratua dut, eta talde honekin tituluak irabazteko lehian jarraitu nahi dut».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.